Piztiak eta abere madarikatuak

22 11 2012

Piztiarioak izeneko liburua aurkeztu du gaur eguerdian Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle zarauztarrak. Piztiarioa animaliak gaitzat dituen liburua da. Txiliku beraren hitzetan, “haien izaera nolakoa den eta zer ohitura dituzten argitzen saiatzen dena. Batzuetan benetako animaliez aritzen da, baina ez da harritzekoa benetakotasuna irudimenarekin nahastea. Beste batzuetan asmatutako animaliak deskribatzen dira, besterik gabe. Piztiarioetan deskripzioa ez da behin ere deskripzio hutsa izaten, beti izaten ditu aldamenean sineskeriak, adierazpen moralak eta etsenpluak”.

Piztiarioak izen handiko liburuak izan ziren Erdi Aroan, piztiak eta animalia basatiak orain baino ohikoagoak baitziren sasoi haietan, gizakia basoen eta abereen bizilekuen jabe egin baino lehenago, eta ordudanik misterio eta lilura bereziarekin heldu dira gaur eguneraino.

Bideo honetan laburtzen ditu Txilikuk piztiarioen inguruan egon diren sineskeriak.

Fantasia, errealitatea, mitologia, sineskeriak, literatura edo kondairak uztartzen dira piztiarioetan. Piztia batzuk benetakoak dira. Beste batzuk asmatutakoak. Baina herritarren memoria kolektiboan lekua dute oraindik, errealitatearen eta sineskerien arteko mugan galduta.

Muga horretan dabiltzan animalia nabarmenenak ekarriko ditugu lerro hauetara.
Ezagunak direlako, edo gure inguruan arrastoa utzi dutelako, arrazoiren bategatik.

OTSOA

Euskal Herriko hainbat bazterretan “nekazariek mezak eskaintzen zituzten otsoen ehizaldiak hasi baino lehen, haien ustez Infernuko Etsaiarekin tratuak izateko susmopean baitzegoen piztia. Patariak ezin zuen alde onekoa izan, eta horregatik erlijio kristauaren laguntza behar zuten bere aurka jotzeko. Testamentu Zaharrean Deabru Beltza da otsoa. Jakina, testu haiek idatzi zituztenak artzain leinu bateko kideak ziren”.

“Otsoa ez da beti piztia madarikatua izan. Antzinaroan errespetatua izan zen kultura anitzetan, eta Odin, Apolo edo Cernunnos Jainkoen laguntzailetzat azaltzen zaigu Europako lehen erlijioetan. Erdi Aroan otsoaren irudiak lekua izan zuen Euskal Herriko aitonsemeen armarrietan. Otsoa, Otsanda eta Otsando izenak oso erabiliak izan ziren garai batean gure artean.

Baina otsoen eta gizakien arteko errespetua (edo beldurra) edo otsoarekiko ehiztari paleolitikoen mirespena, basa-belarjaleak gizakiaren jabetzako bilakatu zirenean amaitu zen. Orduan hasi zen otsoen kontrako gerla. Eta otsoaren historia espeziearen sarraskiaren historia bilakatu zen. Basoak atzeraka joan eta hiri, herri eta soroak zabaldu izan ziren neurrian, otsoek gero eta gehiago eraso behar izan zituzten basabereek ordezkatu zituzten gizakiaren aziendak”.
[Antxon Gomez, Abere madarikatuak].

Euskal mitologian, Otsoko da otsoa islatzen duen pertsonaia.


Gizotsoa

Gizotsoa euskal mitologian ez da beste hainbat pertsonaia bezainbeste aipatzen, eta ez dira gizotsoen inguruko kontu asko gorde gure kondairetan, baina badira hainbat kasu.

Arratian, esaterako, gizotsoak otsoen eta pertsonen arteko harreman sexualen ondorio direla sinetsi izan dute urteetan. Sinesmen honek, Europako beste hainbat kondairetan bezala, otsoaren inguruko mitoek duten indar sexual handia erakusten du, otsoa sexualitate basatiarekin lotuz batez ere.

Jose Miguel Barandiaranek, Olivier de Marliavek eta beste zenbaitek bildutako testigantzetan, Euskal Herrian badiera gizotsoei buruzko hainbat sineskeria. Esaterako, goizean, gizotsoek beraien larrua uzten dutela berriro gizakiak izateko, baina deskuiduan larru hori norbaitek aurkitu eta janzten badu, gizotsoa bilakatzen da.

Mitologiaren arabera, gainera, gizotsoa zauritzeko ez da bere gorputza jo behar, bere itzala baizik, eta kolpeak beti bakoitiak izan behar dira, bestela lehendabiziko kolpea sendatzen zaie.

KATUA

“Agian, gizakia nekazari egin zen unetik beretik gerturatu zen katua herrietara. Arrazoizkoa da pentsatzea hazi- eta uzta-biltegietara saguak bilduko zirela, eta horien atzetik katuak. Hainbeste lan kostatako uzta ez galtzeko hain baliagarriak izanda, nekazariek gogo onez hartuko zituzten katuak, seguru, eta zihoazen tokira zihoazela eraman nahi izango zituzten. Hala, pixkanaka-pixkanaka, gizakiaren aldamenean bizitzera ohitzen joan zen, basakatua otzanduz joan zen, eta etxe-katu bihurtu.

Baina etxe-katuak ez zuen basabere-sena guztiz galdu, beharrezko baitzuen saguak ehizatzeko. Horixe zen katuaren zeregina: sagu-ehiza. Ordainetan, gizakiak etxean hartu zuen, eta sutondoan lo egiten utzi zion, eta etxekoen igurtziak jaso zituen.

Baina leku eta garai guztietan ez zen hain ongi hartua izan. Gogoratu Erdi Aroan erre egiten zituztela katuak sorginen eta aztien laguntzaile zirelakoan. Gauez ibiltzeko duten abileziak eta ibiltzeko duten era sentsual eta erakargarriak deabruaren lagun zirela pentsarazi zieten agintariei. Baina larrutik ordaindu zuten katuen populazioa hainbeste urritu izana; izan ere, saguak eta arratoiak ikaragarri ugaritu ziren, eta, haiekin gaixotasunak”.

[Nagore Rementeria, zientzia.net]

Euskal mitologia katuen inguruko sinesmen eta kondairekin beteta dago. Horietako asko eta asko sorginekin eta sorginkeria kontuekin lotuta ageri dira. Katu beltzek islatzen dituzte sineskeria horietako asko, Barandiaranek eta beste hainbat egileak bildutako testigantzetan. Batez ere, sorginak gauez katu beltzak bihurtzen direla diote garai bateko sineskeria horiek. Gaur egun ere, oraindik, katu beltzak, kontu makurrekin eta superstizioekin lotzen dira.

ITSASOAN

Itsasoari begira bizi diren herri guztietan bezala, balea arriskutsuez eta ozeanoetan barrena dabiltzan izaki beldurgarriez ere hitz egiten da kostaldean. Uharteak direla uste izan arren balea handiak direnak, arrain fabulosoak, tamaina handiko olagarroak, marinelak irensten dituzten izakiak, eta abar. Itsasoarekin lotuta ere, batez ere kostaldeko herrietan, bada horrelako sinesmen eta kontuekin lotutako hainbat istorio.

Arrain erraldoien eta marinelen arteko etengabeko borroka horren isla dira bai balea arrantzaren inguruko grabatuak, eta baita pieza erraldoiak harrapatu ondoren haiekin argazkiak ateratzeko ohitura zaharra ere.


[ Arrantzaleen eta itsasoetan bizi diren arrain handien arteko borrokaren ostean, aspaldidanik errotutako ohitura da harrapakinarekin argazkia ateratzea. Irudian, Gregorio Berasaluze arrantzale getariarra, 60ko hamarkadako argazki batean].

Harrapakina herriaren armarrian erakustea ere sasoi bateko ohitura zen, gaur egun arte iraun duena euskal kostaldeko hainbat herritan. Getaria, Zarautz, Ondarroa edo Mutrikuko udalen armarrietan, esaterako, balea handien kasuan.

ERDIA ANIMALIAK, ERDIA GIZAKIAK

Piztiarioetan ohikoa da bi animalien arteko nahasketatik sortzen den izakia: erdia honena, eta beste erdia harena.

Badira, gainera, animalien eta gizakien arteko nahasketa direnak ere. Mitologia klasikoa zein euskal mitologia horrelakoez beteta dago: ahate hankak dituzten lamiak erreka bazterretan, zentauroak, gerritik gora emakume gorputza duten eta gerritik behera arrain buztana duten sirenak itsasoetan, eta abar.

Animalia basatien izaera eta portaera duten gizakiak ere ohikoak dira kondaira zaharretan: basajaunak, akerbeltzak eta gainerakoak ezagunak zaizkigu, gure mitologiako basoetan, akelarretan eta gainerakoetan. Piztien eta gizakien arteko mugan dabiltza gehienetan, indarrarekin edo sexualitatearekin lotuta.

Gai honi buruzko estekak:

· Piztiarioa (piztiei buruz Txilikuk idatzitako testu ederra, errepaso historikoa eta literarioa eginez, in Gustaveko Koadernoak, 2009ko apirila).
· Txilikurekin ‘Piztiarioak’ liburuaren inguruan solasean aritu gara (postdata.elkar.com, 2012-11-21).
· ‘Piztiarioak’ lan berria aurkeztuko du bihar Jesus Mari Olaizola Txilikuk (Urola Kostako Hitza, 2012-11-21).

· Piztien bidez pentsamenduari leku bat egin dio Txilikuk (Berria, 2012-11-22).
· ‘Piztiarioa’ recupera la técnica medieval para hacer grabados (El País, 2009-09-23).
· Piztiarioa: bestias en la sala Ganbara (gipuzkoakultura.net).

· Antxon Gomez basozainaren ‘Abere madarikatuak’ (Susa, 1996) liburua, osorik irakurgai.

· Anjel Lertxundiren ‘Piztiaren izena’ liburuaren zenbait orrialde (Google books).

· Gizotsoa euskal mitologian (euskarazko wikipedia).
· Katua, etxeko animalia basati hori (Nagore Rementeria, zientzia.net, 2004-05-16).
· Serapio Mugica Zufiria. Geografía de Guipúzcoa: fauna, animales.
· Vizcaya impide a tiros la llegada de lobos (Cesar Javier-Palacios. La crónica verde. 2010-01-26).
· Euskal Herriko pertsonaia mitologikoak (amaroa.com).

Gai honi buruzko solasaldia, Gazteako Akabo bakea! irratsaioak ostegunero ate ilunari zabaltzen dion tartean (2012-11-22):
· Animalia basatiei zabaldu diegu ‘Ate Iluna’ (eitb.com > Gaztea, 2012-11-22).
· Piztiei zabaldu diegu gure ‘Ate Iluna’ (audioa entzungai. Akabo bakea! 2012-11-22).


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina