Bizilagunak

18 11 2012

SOS ARRAZAKERIAk antolatutako ekimen ezin aberatsago batean parte hartzeko aukera izan dut gaur eguerdian: BIZILAGUNAK · LA FAMILIA DE AL LADO · NEXT DOOR FAMILY izena zuen ekimenak, eta horren baitan, gaur eguerdian, herritar berriak eta herrian sortutakoak bazkaria konpartitzeko elkartu dira familia giroan. Gipuzkoan, guztira, 120 familiatik gora, 60 bazkaritan.

Ekimena Europako beste zazpi herrialdeeetan ere egin da, egun berean eta une berean. Guztira, 2.000 lagunetik gora aritu gara, etxeko atea zabaldu, aurreiritziak gainditu, eta arrazakeria eta aurreiritziak kanpoan utzita, elkar ezagutu nahian. Etorkinak eta bertakoak. Hemen sortutakoak, eta hona etorritakoak. Elkarrekin.

Bizilagunak izan arren ikusezinak diren herritarrak ezagutzea zen gaurko ekimenaren helburua. Harremanak sortzea. Hitz egitea. Elkar ezagutzea. Gure herriak hizkuntza, kultura eta sukaldaritza aldetik zein aberatsak diren ohartzea, guztion ekarpenari eta ohiturei esker.

20121118-231613.jpg

Harrerako familiak eta familia gonbidatuak eskatzen zituen ekimenak. Lehenek etxeko atea zabaldu eta gonbidatuentzat bazkaria prestatu behar zuten. Bigarrenek, ordura arte ezezaguna zuten beste familiaren adeitasunaz eta sukaldaritzaz gozatu. Tartean, SOS Arrazakeriak mahai bakoitzean jarritako begirale edo dinamizatzaile bat, bi familiak elkartu, guztia bideratu eta bitartekari moduan aritzeko, dena ondo joan zedin. Horretan aritzeko suertea izan dut gaur, mahaikideak inolako laguntzarik gabe ere ederki moldatuko ziren arren.

Esperientzia ezin ederragoa izan da ekimenean parte hartzea. Patricia (Argentina) eta Daviden (Uruguai) etxean izan gara, Zarautzen. Bi urteko alaba dute: Afrika. Kristian eta Marianne izan dira gonbidatuak, hemen sortuak izan arren, etorkin alemaniarren ondorengoak.

20121118-231625.jpg

Patricia aritu da sukaldari lanetan. Azken egunotan gaurkorako mimo bereziz prestatutakoari azken ukituak ematen eta aurkezten. Argentinan ohikoak dituzten jakiekin bete digu mahaia. Entsalada errusiarra, matanbrea edo barazkiz betetako haragia, enpanadillak, pizza modura prestatutako haragia, etxean egindako opil gozoak. Egundoko festa mahai gainean.

20121118-231633.jpg

20121118-231642.jpg

20121118-231651.jpg

Harreragileak zein gonbidatuak gustura sumatu ditut. Mahaia uzterako, beste otordu bat lotzekotan geratu gara, hurrena gonbidatuen etxean. Ekimen eder batean parte hartu izanaren sentsazioarekin atera naiz Patricia eta Daviden etxetik. Herri berean, bizilagunak izan arren, gaur arte ezagutzen ez ziren eta elkarrentzat ikusezinak ziren bi familien artean sortu den zerbait konpartitzeko suertea izan dut, eta honelakoak gehiagotan egin beharko genituzkeela pentsatu dut.

Zorionak, beraz, antolatzaileei, SOS Arrazakeriari, eta Bizilagunak ekimena bideratzeko bitartekari lanetan aritu diren Zarauzko Udaleko Immigrazio Zerbitzuari, herriko eskolei eta parte hartu duten guztiei.

Etorkin heldu berrien egoera gordina, bertatik bertara

Eguerdiko 14:00etan geratuta nengoen Kristian, Marianne, Patricia eta Davidekin, harreragileak eta gonbidatuak elkartu, eta azken bien etxera joan aurretik, handik hurbil dagoen taberna batean zerbait hartzeko.

Aurkeztu, lehen tragoa amaitu, bigarrena atera, eta tabernaren kanpoaldean hitz egiten eta elkar ezagutzen ari ginenean, norbaitek gidoia nahita idatzi izan balu bezala, Mustafa agertu da. Ez genuen ezagutzen. Marokoarra. Zarautzera heldu berria. Tabernaz taberna lan eske aritu da goizean. Udal zerbitzuetatik pasatuta zegoen, eta etxerik gabekoei aterpea eskaintzen dien Neguko Etxean hiru egunerako ostatua bermatzen dioten paperak zituen eskuetan. Baina dirurik ez. Ea lana non lortu dezakeen ba ote dakigun. Ostalaritzaz aritu gara, eta arrantzaz, eta Getariako portuaz, eta ezagutzen ditugun Marokotik heldutako zarauztarrez.

Patriciak kafesne beroa eta patata tortilla pintxoa atera dio, eta eskean aritzea gustukoa ez duela nabarmenduz, erdi lotsatuta, onartu egin du, eta irentsi, goseak amorratuta. Zarautzen errotuta dauden marokoar batzuen telefonoa eman diogu, eta Youssefek igandetan ere zabalik izaten duen ileapaindegiraino lagundu diot gero, aberkideekin hitz egin eta hurrengo egunotarako zerbait lortu ahal dezan.

Youssefek Azken Portun duen ileapaindegian geratu da Mustafa, eta ni Patricia, David, Afrika, Kristian eta Mariannerengana itzuli naiz, Zelai Ondora. Bazkaltzen eseri aurretik, bertatik bertara ikusi dugu iritsi berriak diren etorkin askok bizi duten egoera gordina.


Ekintzak

Information

2 responses

19 11 2013
Silviaren etxean, bizilagun berriak ezagutuz | kalaportu, itsasontzi gorri bat...

[…] Hemen bildu nuen iazko kronika: Bizilagunak (2012-11-18). […]

24 11 2014
Bizilagunak 2014: Venezuela, Sahara, Kolonbia… Zarautz | kalaportu, itsasontzi gorri bat...

[…] HONI BURUZKO LOTURAK: · Bizilagunak 2012: Patricia eta Daviden etxean (2012-11-18). · Bizilagunak 2013: Silviaren etxean, bizilagun berriak ezagutuz (2013-11-19). · Bizilagunak […]

Utzi iruzkina