Sembrant llibres que porten un nou món. Mundu berria dakarten liburuak ereiten

1 04 2016

Obrint Pas taldeko Xavi Sarriaren Totes les cançons parlen de tu liburua argitaratu zuenean ezagutu nuen Sembra Llibres argitaletxea, eta ordudanik arretaz jarraitu dut pasioz eta mimoz egiten duten lana.

Azken hilabeteotan, ordea, arreta lilura bihurtu zait, Feliu Venturaren Com un record d’infantesa eta Roc Casagranen L’amor fora de mapa irakurrita.

Lagunak bisitatzeko sakabanaketaren errepideetan ehunka eta ehunka kilometro egitera behartuta, Alacant barrualdean barrena egindako bidaientzat soinu banda bilatzen hasita arkitu nuen noizbait Feliu Venturaren Alacant -per interior- ederra, eta harrezkero Xativako musikariak egindako bidea sakonago ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan dut.

2014an, herrien elkartasuna, festa eta kultura uztartuz, eta Kataluniako prozesuari keinu konplizea eginez, Falcons de Vilafranca taldearen falcon edo casteller erakustaldiarekin batera, Feliu Venturaren kontzertua antolatu zuen Zarauzko Udalak, abuztuko jaietan.

feliu-zarautz

Egun hartan ezagutu nituen pertsonalki Feliu Ventura bera, eta haren taldeko musikariak. Tartean, baita bere ibilbide luzean ezinbesteko bidelaguna izan duen Borja Penalba ere. Jende ona.

Pasa den udazkenean Sembra Llibres argitaletxeak Feliu Venturaren lehen eleberria iragarri zuenean, beraz, irrikaz itxoin nuen argitalpena, eta azaroan gustura irakurri nuen Com un record d’infantesa (Haurtzaroko oroitzapen bat bezala).

Txileko diktadurako kontuak, oroimen historikoa eta gaur egungo Herrialde Katalanak uztartzen dituen istorioan barrena, Ovidi Montllorren disko bat da hariari eusten diona. Liburu on eta atsegin bat ez ezik, beraz, Kataluniako musikan eta kulturan erreferentea den norbait ezagutzeko ere aukera eman zidan Feliuren liburuak: Ovidi Montllor, musikari, aktore eta poeta.

Hemen ‘Com un record d’infantesa’ liburuaren booktrailerra:

Hemen, berriz, Ovidi Montllor, Oriol Soleren rola jokatuz Segoviako ihesa (Imanol Uribe, 1981) filmean.

Azken batean, liburu batek orrialdez orrialde mundua ikusteko leiho berriak zabaltzen dizkizunean, bizitza edertzen eta aberasten dizun liburu horietakoa dela ohartzen zara. Horixe gertatu zitzaidan udazkenean Feliu Venturaren lehen nobelarekin, ezezagunak zitzaizkidan erreferentzia kultural ugari aurkituta.

Antzekoa gertatu zait Sembra Llibres argitaletxeak otsailean plazaratu zuen eta Herrialde Katalanetan saldu eta saldu ari den Roc Casagranen L’amor fora de mapa liburuarekin ere. Sorgindu egin nau, eta hainbat leiho berri zabaldu dizkit, idazle eta musikari berriak erakutsita.

Liburuaren nondik norakoa ederki laburtu du Raquel Andres kazetariak egunotan argitaratu duen iruzkinean:

“La generació que es mou entre els 30 i els 40 anys afronta el present i el futur amb molta incertesa. Planificar la vida a mitjà termini se’ls fa molt difícil, ja que és molt complicat trobar un treball estable o que garantisca uns ingressos mínims. I quant a les relacions sentimentals, els models apresos de mares i mares ja no els serveixen. Com moure’s, doncs, en aquest territori incert? Amb L’amor fora de mapa (Sembra Llibres), Roc Casagran (Sabadell, 1980) ens fa una proposta: trencar amb les convencions socials per a construir un món nou i pròxim on puguem ser realment feliços”.

Gazte izateari uko egin nahi ez diogun helduon muga horietan barrena, eguneroko bizimodua aurrera ateratzeko zailtasunak eta bikote harremanen inguruko kontraesanen ispilu guztiak erakusten dizkigu Roc Casagranek nobela eder honetan, gure burua behin eta berriro Llull izeneko protagonistan ikusteraino. Llull, gainera, poemak idaztea gustukoa duen ero horietakoa da, eta poema horietako batzuk ere ageri dira eleberrian barrena.

Poema horietako 14 hartu, abesti bihurtu, eta liburuko zenbait pasarterekin batera, disko ere bihurtu dute Mireia Vivesek eta lehen aipatutako Borja Penalba musikariak. Herrialde Katalanetan argitaratzen den Ara egunkariak, zehazki, pasa den asteburuan eskaini eta banatu zuen diskoa, egunkariarekin batera.

Hemen, Roc Casagran idazlea bera, Mireia Vives, Borja Penalba eta David Fernandezekin diskoaz eta liburuaz solasean.

Argitaratu eta bi hilabete eskasera, liburu bat eta disko bat baino askoz gehiago bihurtu da dagoeneko L’amor fora de mapa ederra. Erantzunak aurkitu ezinik dabilen belaunaldi baten erretratua izateaz gain, Herrialde Katalanetan hainbat esparru elkartu dituen proiektu kulturala ere bada. Liburu batetik abiatuta, zerbait aldatzeko esperantzan sinesten duen jendearen ekarpena. Kulturan ere, Herrialde Katalanetako lagunak ikasgai ederra ematen ari zaizkigu. Batez ere Sembra Llibres argitaletxeko lagunak. Mundu berria dakarten liburuak ereiten ari dira. Sembrant llibres que porten un nou món.

L’amor fora de mapa. Mireia Vives eta Borja Penalba

Diskoa sarean ere entzun daiteke, on-line, esteka honetan edo beheko irudiaren gainean klik eginda.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Sembra Llibres argitaletxearen webgunea: sembrallibres.com
· Feliu Ventura: Com un record d’infantesa. Liburuari buruzko informazioa.
· Feliu Venturaren webgunea: feliuventura.cat
· Smoking Souls: Alacant -per interior-. Smoking Souls taldearen bertsio ederra eta bideoklipa.
· Ovidi Montllor.
· Roc Casagranen webgunea: roccasagran.cat
· Per a la generació de la incertesa (L’amor fora de mapa liburuaren iruzkina. Raquel Andres, La Vanguardia, 2016-03-29).
· Roc Casagran.
· Emporta’t el CD ‘L’amor fora de mapa’, de Mireia Vives i Borja Penalba (promo.ara.cat).
· Mireia Vives i Borja Penalba: L’amor fora de mapa (mesdemil.bandcamp.com).

 


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: