Elkartasunaren sugarrak

6 03 2016

Free Otegi Free Them All ekimenak atzo Anoetako belodromorako zenbait laguni elkartasunaren inguruan zerbait sortzeko eskatu zigunean, Arnaldok asteartean Elgoibarren aipatu zituenez gogoratu nintzen: urte askoan espetxe batetik bestera ibili diren eta dabiltzan senide horiez, sakabanaketaren errepideetan ezagututako guztiez, eta bereziki Emilia de la Bodegaz eta Blanca Anteparaz.

Argiak eta elkartasuna ziren nabarmendu beharreko elementuak, eta Elkartasunaren sugarrak izeneko testu hau helarazi nien. Beñat Gaztelumendirena da, berriz, beste hau: Argia. Azkenean, antolatzaileek biak uztartu eta Elkartasunaren argiak izenekoa irakurri zuen Ines Osinaga musikariak.

argiak-belodromoa1

ELKARTASUNAREN SUGARRAK

Arnaldo: guk ere bihotzean daramatzagu, urteak joan eta urteak etorri, astez aste, espetxe batetik bestera, bisita batetik bestera, etxekoentzat poltsa prestatzen aritzen diren senide horiek guztiak. Presoek eta erbesteratuek oroitzen dituztenean, mahaia bostentzat iminita sukaldean egoten diren ama horiek guztiak, aulkian eseri eta leihotik begira.

Sukaldeko epeltasuna ziega urrunetara eramateko ahaleginari urtez urte eutsi dioten ehunka euskal herritar ezagutu ditugu, belaunaldiz belaunaldi elkartasunaren, samurtasunaren eta maitasunaren sua ziega hotzetaraino helarazi nahian. Ezin ditugu guztiak gogoratu. Baina guztien izenean, euskal presoek eta hauen senideek hainbeste maite zuten Emilia de la Bodegaz akordatzen gara gaur. Amama Emiliaz.

Ceutako espetxeko euskal presoek eman zioten kargua aspaldi. Emiliak ederki zekien zer den garrantzitsuena preso batentzat: bakarrik ez egotea, bakarrik ez sentitzea. Horregatik, Bilboko bere etxetik zaintzen eta mimatzen zituen euskal presoak, bihotza sutan duten amamen maitasunarekin. Galtzerdiak egiten zizkien. Argazkiak, liburuak eta postalak bidaltzen. Agendak josi. Gominolazko lepokoak egin. Gutunak idatzi. Telefonoz deitu. Osasunez makal zebilen arren, azken unera arte, galtzerdiak josten eta samurtasuna idazten segitu zuen, sukaldeko kandelen epeltasuna euskal presoei helaraziz. 95 urterekin hil zen, duela zortzi urte. Emiliaren heriotza galera mingotsa izan zen presoentzat, Blanca Antepararena eta beste hainbat amama eta seniderena bezala. Baina kandela bat itzali arren, maitasunarekin eta elkartasunarekin amaituko duen negurik ez du ezagutu oraindik herri honek.


[ Emilia de la Bodega. Amama Emilia euskal presoentzat].


[ Blanca Antepara, Josu eta Iñaki Ormaetxearen ama].

Emiliaren sua ez da itzali. Areago: edonon sumatzen dute euskal presoen senide eta lagunek. Baita espero ez den lekuetan ere. Sakabanaketaren errepide urrunenetan. Kilometro guztiak eginda ere, askotan, oraindik orduak geratzen dira bisita hasteko, eta senideek taberna bakartiren batean bilatu ohi dute babesa. Desordutan askotan. Eta atera hurbildu orduko, miraria: taberna zabalik, eta epel, norbaitek, euskal presoen amamak, gurasoak, bikoteak edo seme-alabak iristen direnerako, sua aldez aurretik piztuta. Humanitate izpi bat. Elkartasun isila. Andaluzian, Gaztela zabalean, Vallekasen, Extremaduran, Galizian eta beste hainbat lekutan, askotan ageri da langileren bat, tabernariren bat, irribarre batekin dena esaten duena. Samurtasunaren sugarra elkartasunez pizten duena.

Sugar horietako bakoitza harresien barruraino eramaten dute senideek eta lagunek. Sugar horietako bakoitzak eragotzi egiten du, amama Emiliak egiten zuen moduan, presoa bakarrik sentitzea. Eta sugar horietako bakoitza azken kartzelaraino helduko da piztuta mantentzen dugun bitartean. Inoiz baino gehiago, beraz, sugarrak pizteko ordua da. Samurtasunez. Elkartasunez. Maitasunez. Ilunpera kondenatu nahi gintuztenen aurrean, egin irri, eta argitu dezagun… gaur belodromoa, eta bihar Euskal Herria, azken ziegaraino iritsi dadin elkartasunaren sugarra.

argiak-belodromoa

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Errepresioa Euskal Herrian. 2008. Urtekaria (Amnistiaren Aldeko Mugimendua, 2008).
· Emilia de la Bodega, presoen amama, hil da (Branka, 2009-01-26).
· Blanca Antepara. El ejemplo vivo de que los presos nunca han estado ni estarán solos (Ramon Sola. Gara, 2012-01-12).

[Oharra: Elkartasunaren sugarrak testu honek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak 2008an argitaratutako Errepresioa Euskal Herrian (2008) urtekarirako idatzi nuen Amama Emiliaren familia (hemen PDFan) artikulu luzeagoa du oinarri].

 

 


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: