[48]. Leontxo Garcia Olasagasti: pasioa xakearen arabera.

26 02 2021

Karpovek eta Kasparovek 1984tik aurrera jokatutako Munduko Txapelketaren final haiek oihartzun handia izan zuten hedabideetan, eta horrek milioika lagun zaletu zituen xakera, 1972an Spasskiren eta Fischerren arteko lehiak bezala.

Telebisten kirol emankizunetan eta egunkarien orrialdeetan lekua zuen xakeak, eta garai hartan ugaldu egin zen xakeari buruzko kazetaritza, ordura arteko aldizkari espezializatuetatik hedabide orokorragoetara pausoa emanez.

Leontxo Garcia Olasagasti (Irun, 1956) kazetariaren lana urte haietan hasi zen hedatzen eta gero eta jende gehiagorengana iristen. Londresen eta San Petersburgon jokatu zen Munduko Txapelketa hobekien landu izanaren saria eman zion Sobietar Batasunak 1986an, eta hurrengo urtean Espainiako Telebistaren berriemailea izan zen Sevillan jokatu zen Munduko Txapelketan, Kasparovek koroa eskuratu zuen partida erabakigarrian TVEren audientzia 13 milioi ikusleraino igota.

Garciak eskolan ikasi zuen xakean, hamabi urterekin, baina ez zion arreta berezirik eskaini. Jolas bat gehiago besterik ez zen. Handik bost urtera, ordea, 1972ko uztaileko egun euritsu batean, eguraldiak lagunen hondartzarako ohiko plana zapuztuta, beraien eskolan sortu berria zuten xake elkartera gonbidatu zuen adiskide batek: Irungo La Salle Xake Elkartera. Leontxo orduan sorgindu zuen xakeak, eta harrezkero ez zaio apaldu sukarra. Hiru urte geroago Gipuzkoako txapelduna zen, 19 urterekin, eta 1981ean FIDE Maisua (FM) izatera iritsi zen.


[Leontxo Garciaren lehen kolaborazioetako bat, Jaque aldizkarian, 1979ko ekainean].

Hortik gora, Nazioarteko Maisua (IM) izateko bidea egiten ere hasi zen, baina 1983an Deia egunkariak zeharo aldatu zuen Garciaren bizitza. Ordurako, garai hartan Donostian argitaratzen zen Jaque aldizkarirako hainbat kronika idatzi zituen irundarrak, batez ere jokatzen zituen txapelketen ingurukoak. Deia egunkariak, ordea, Londresera bidali zuen, Munduko Txapelketaren finalaurrekoetara, Kasparov-Kortxnoi eta Smyslov-Ribli partiden berriemaile izan zedin. Leontxok berak behin baino gehiagotan kontatu du Bilbotik Londreserako hegaldian zein zuen kezka nagusia: nola lortu kirol orrialdeak irakurtzen zituen ohiko irakurleak orrialdea ez pasatzea xakeari buruzkora heltzean. Bazekien nola ez zuen lortuko behintzat: “Ez nuen lortuko defentsa siziliarraz hitz eginez”. Beraz, xakeari buruzko kronikak munduaren isla ziren kontuekin eta geopolitikarekin uztartzea erabaki zuen: Kortxnoiren eta Kasparoven aholkularien artean Park Lane hotelean aurkitu zuen ezusteko giro adeitsua, Gerra Hotzaren ingurukoak, eta antzekoak. Horrek kateatu zituen irakurleak, xake partiden eta mugimenduen kontakizunak baino gehiago.

Gustura aritu zen lan horretan. Kronika haiei esker xakea jendarteratzeko modua aurkitu zuen, eta ohartu zen jokatzea baino nahiago zuela xakeari buruz idaztea eta xakearekiko pasioa zabaltzea. Laster utzi zion txapelketetan parte hartzeari, eta kazetaritzan egin zuen bidea: Deia egunkaritik France Presse eta EFE agentzietara, La Gaceta del Norte egunkarira, gero Cadena SER irratira, RTVEra eta, azkenik, El País egunkarira. Tartean, 1991-2001 urteen artean Jaque aldizkariaren zuzendaria ere izan zen. TVEn 39 ataleko En Jaque saioa zuzendu eta aurkeztu zuen, eta Kasparovekin batera 64 faszikulu eta 25 bideo zituen La pasión del ajedrez bilduma ere ekoitzi zuen. 1999an Nazioarteko Xake Federazioaren Urrezko Liburuan sartu zuten, “xakearen garapenari egindako ekarpen bikainagatik”.

Gaur egun, 40 urteko ibilbidea eta gero, xakeari buruzko kazetaritzaren erreferente nagusienetakoa da Leontxo Garcia. Ehun herrialde baino gehiagotara bidaiatu du xakearen harira, mundu osoko goi mailako xake jokalariek ezagutzen dute, eta harreman estua du horietako askorekin. Atsedenik gabe, El País egunkariaren webgunean jarraitzen du lanean, El rincón de los inmortales izeneko kaieratik eta sare sozialetatik xakearen historiako partida ederrenak eta kontu berezienak aletuz.


[Gari Kasparov eta Leontxo Garcia, elkarrekin, batetik besterako hamaika hegaldietako batean.
Argazkia: Leontxo Garcia/elordenmundial.com].

Xake irakaslea ere bada, eta bateko eta besteko egitasmoak sustatuz aritzen da, batez ere xakea eskoletara eta adinekoengana helaraztea erraztu nahian. Besteak beste, Nazioarteko Xake Federazioaren Xakea eta Hezkuntza batzordearen aholkularia da, eta lau haizetara zabaltzen du xakeak haur eta gazteen garapenean duen eragina. Baita alzheimerrari aurre egiteko adin batetik aurrerakoen garunetan duen eragina ere. Horiek eta xakeari buruzko askoz kontu gehiago izan ohi ditu hizpide munduan barrena ematen dituen hitzaldietan. Ajedrez y ciencia, pasiones mezcladas (2013) liburuan ere bildu zituen, beste hainbat gairekin batera.

Erreferentziak:
· Garcia, Leontxo: El rincón de los inmortales.
· Garcia, Leontxo: Ajedrez y ciencia, pasiones mezcladas. Editorial Crítica, 2013.
· Garcia, Leontxo: El ajedrez es el mejor gimnasio para la mente. Hitzaldia. 2018.
· Moreno, Blas: Leontxo García: la política internacional sobre un tablero de ajedrez. elordenmundial.com, 2017-03-10.
· Xakearen nondik norakoak, Jon Esturo eta Leontxo Garciaren eskutik. ETB, Helmuga, 2019-12-12.


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina