[49] Jaque aldizkaria. Dendaostean leundutako bitxia.

26 02 2021

Xakearen lehen sukarraldiarekin batera XIX. mendearen erdialdean xakeari buruzko agerkariak zabaltzen hasi zirenetik, etenik gabe loratu ziren aldizkari espezializatuak, batez ere hedadura handiko hizkuntzetan.

Bobby Fischerrentzat Shakhmatny Bulletin (1955-1990) errusiarra zen xakeari buruzko aldizkari onena. Kasparoventzat, berriz, 1966an Belgradon plazaratu zen eta oraindik ere argitaratzen den Chess Informant.

Informatika xakera heldu zenean erabat aldatu zen partidak biltzeko modua, eta gaur egun, ChessBase eta The Week In Chess bezalako datu baseak dira erabilienak partidak aztertzeko. Hala ere, oraindik argitaratzen dira xakeari buruzko aldizkari espezializatuak, noski, partidez gain xakearen inguruko albisteak, erreportajeak, elkarrizketak eta gainerakoak bilduta.

Londresen 1881ean sortutako British Chess Magazine da irauten duen zaharrena, garai berrietara behar bezala moldatuta. Baina bada kalitate handiko beste hainbat aldizkari ere munduan barrena. Horien artean, 64 (Errusia), Chess Life (AEB), New in Chess (Herbehereak), Peón de Rey (Herrialde Katalanak), Europe Échecs (Frantzia) eta Schach Magazine 64 (Alemania) dira salduenak. Moskun, Crossvillen, Amsterdamen, Bartzelonan, Londresen, Parisen eta Berlinen plazaratzen dira hurrenez hurren, eta mundu osoko irakurle askoren orubeak dira, xake garaikidearen nondik norakoak ezagutzeko.

Garai batean Donostian zegoen orube horietako bat: Jaque aldizkaria. Xakeari buruzko gaztelerazko aldizkari garrantzitsuena ez ezik, mundu osoko garrantzitsuenetakoa ere izan zen. 1971ko urtarrilean argitaratu zuen lehen zenbakia, eta 666 zenbaki gehiago plazaratu zituen, 2013aren hasieran desagertu zen arte.

Jose Maria Gonzalezek (1925-1985) sortu zuen aldizkaria, eta lehenengo urteetan bera izan zen editorea eta zuzendaria. Lanbidez bitxigilea zen Gonzalez. Universo bitxi-denda zuen Donostia erdigunean, Loiola kaleko 13. zenbakian. Baina xakea zen haren pasio handiena. FIDEren Nazioarteko Epailea ere izan zen. Xakeari buruzko aldizkari baten hutsunea sumatu, Jaque sortu eta bitxi-dendaren ganbara eta dandaostea bihurtu zuen aldizkariaren egoitza eta erredakzioa, hain gustukoak zituen Paxton zigarro mentolatuen ke artean.

Lehen 189 zenbakiak Donostian argitaratu zituzten, Txuri-Urdiñ grafikan, baina Gonzalez hil ondoren Madrilera eraman zuten aldizkaria. Azken urteetan jabea aldatu eta gero, berriz, Paiportan izan zuen egoitza, Valentzian.

Hasieran Donostiako Udalaren laguntza izan zuen aldizkariak, eta lehen hamabost zenbakietan Donostiako argazkiek hartu zuten azala, goitik behera. Zortzigarren zenbakian egin zuten salbuespena, aldizkaria Getariako moilaren argazkiarekin aurkezteko. Azalaren diseinua aldatuta, 16. zenbakian hasi ziren xake jokalariak erakusten. Lehen emakumea, berriz, 28. zenbakian eraman zuten azalera: Ruth Cardoso brasildarra izan zen. Hego Ameriketako txapelduna.

Jaque sutautsa bezala zabaldu zen xakearen munduan. “Gure aldizkaria 83 herrialdetara iristen da”, irakur zitekeen 8. zenbakitik aurrera kredituetan. Irakurleak ez ezik, ordezkaritzak, kolaboratzaileak eta banatzaileak ere izan zituen munduko hainbat herrialdetan, eta goi mailako xake jokalarien erreferente nagusienetakoa bihurtu zen, teknologia garatzearekin batera sarean datu baseak zabaldu eta partidak aztertzeko moduak erabat aldatu ziren arte.

Arduradunak ahalegindu ziren aldizkariari eusten eta haize berrietara egokitzen. En Jaque irratsaioa ere sortu zuten 2011n, aldizkariaren osagarri modura, baina ez zuten asmatu, eta azkenean aldizkariaren agurra iragarri zuen Yago Gallach editoreak 2013ko urtarrilean, 40 urteko ibilbideari amaiera emanez.


Honaino iritsi bazara eta xakea gustukoa baduzu, hemen benetako harribitxia:
Jaque’ aldizkariaren ehunka zenbaki sarean, PDFan:
· Jaque aldizkaria. 001 zenbakia.
· Jaque aldizkaria. 002 zenbakia.
(…)
Nahikoa da estekan ageri den amaierako zenbakia aldatzea, nahi den PDFra heltzeko:
Adibidez, kopiatu honako esteka zure nabigatzailean:
https://www.olimpbase.org/leagueES/Jaque/Jaque%20N%C2%B0%20002.pdf
Eta estekan, amaierako 002 beharrean, idatzi 003, edo 004, 112, 200, 600 edo nahi duzun zenbakia, alegia.
Ez daude zenbaki guztiak, baina bai gehienak. Ehunka zenbaki PDFan. Gozatu!





















Ekintzak

Information

Utzi iruzkina