zubiak eta zubideak

25 02 2016

Info7 irratiko Talaiatik saiorako hilabete honetako kolaborazioa.
(irudiaren gainean klik eginda entzun daiteke testua).

zubideak

Lan kontuengatik, euskalgintzako eragile nabarmen batek deitutako bileran izan naiz aste honetan. Helburua, udaberrian egin nahi den gogoeta zabal baten lehen oinarriak zehaztea, euskararen, aniztasunaren eta bizikidetzaren inguruan.

            Irakurketa interesgarria iruditu zitzaidan antolatzaileek sarreran egindakoa: 70eko hamarkadan bizimodu hobearen bila batez ere Espainiako lurraldeetatik gurera heldutako langileak ez ziren iritsi euskara, hainbat arrazoi tarteko. Besteak beste, guk ere ez genuen asmatu haiek euskarara erakartzen, eta kasu askotan oraindik ere irauten duen amildegia zabaldu zen. Orain, heltzen ari diren eta azken urteotan heldu diren euskal herritar berriekin, ezin dugu akatsa errepikatu, eta euskarara erakarri behar ditugu.

            Nolabait, beraz, hori zen askatu beharreko galdera eta korapiloa: “nola lortu euskara amildegi izatetik zubi izatera pasatzea?”. Eskertzekoa den borondaterik onenarekin, horrelako zerbaiti erantzuteko gogoeta zabalaren beharra ikusten dute antolatzaileek. Baina ezin izan nuen isildu. Tranpa arriskutsua baita galdera. Kolonizatuaren ikuspegi apaletik egindakoa. Ikasten den hizkuntza bakoitza da zubia. Ikasten ez den hizkuntza bakoitza da amildegia. Beti. Euskara, beraz, berez, bere horretan, zubia da, ez amildegia. Ez dago, beraz, amildegi izatetik zubi izatera igaro beharrik, dagoeneko zubi baita.

            Aldatu beharrekoa beste zerbait da. Ideologikoki, besterik zabaltzen baita boteregune eta hedabide zehatzetatik, irakurketa interesatua eginez eta euskara amildegia dela esanez, horrela ez denean. Aldatu beharrekoa eta hausnartu beharrekoa, beraz, beste zerbait da: nola ulerrarazi eta nola erakarri  euskarara, hizkuntza bat amildegi izan daitekeela sinesten duen edonor?

            Bitartean, euskara ez dakien euskal herritar bakar bat dagoen bitartean, nekez izango dugu zoru komunik euskaldunontzat. Aniztasuna eta bizikidetza bermatzeko modu bakarra baitago: edonon eta edonorekin euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea euskaldunoi. Eta horretarako, bide eta zubide bakarra dago: euskal herritar guztiak euskalduntzea.


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina