[54] Xake Festa. Imanol Urbietaren azken abestia.

9 03 2021

Xakearen onurak haurren eta gazteen artean zabaltzeko lanean ari diren eskolen artean Zarauzko Orokieta Herri Eskola nabarmentzen da. Bertako ikasleen gurasoek osatzen duten Balurdin Guraso Elkarteak eskolaz kanpoko jardueren artean xakea eskaintzen du, eskolako zuzendaritzarekin adostuta, eta badira zenbait urte astero partidak eta xakearen inguruko ekimenak antolatzen hasi zirenetik.

Haurrek eta gazteek gustukoa zutela ikusita, ekimena zabaltzea erabaki zuten gurasoek eta eskolak, eta Zarauzko Kirol Elkartearen xake sailarekin elkarlanean, Xake Festa antolatzeari ekin zioten 2016an. Helburu argia zuten: haurren, gazteen eta gurasoen artean xakea hedatzea, ikasleek beste herrietako xake jokalariak eta lagunak ezagutzea, eta eskolen arteko harremanak sendotzea.

Asmoa beste nonbait errotuta zegoen ordurako. Baziren zenbait urte Arrate Ugalde eta Jon Altzibar Orokietako gurasoak semeekin Kantabriako Vioño de Pielagos herrira joaten zirenetik, aspaldidanik sona handiko bi xake txapelketa jokatzen baitira han: helduena eta eskolartekoena. Hango giroa eta xakearen inguruan sortzen den festa ezagututa, hemen ere antzeko ekimena sortzea otu zitzaien gurasoei. Ugalde Orokieta Herri Eskolako zuzendaria da gaur egun, eta Altzibar xake jokalaria eta ZKEko xake taldeko kidea. Eskolako xake irakasleekin, zuzendaritzarekin, guraso elkartearekin eta ZKEko xake saileko lagunekin hitz egin, bildu, lotu beharrekoak lotu, eta Xake Festa sortu eta antolatu zuten.

Lehen Xake Festa 2016ko maiatzaren 21ean eta 22an izan zen, eta 8 eta 16 urte arteko 180 ikasle inguru aritu ziren xakean. Aia, Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Barakaldo, Donostia, Eibar, Getaria, Hendaia, Irun, Santurtzi, Zarautz eta beste hainbat herritako haurrak eta gazteak bildu ziren, eta harrezkero, urteroko hitzordua ez ezik, Euskal Herriko eskolarteko ekimen garrantzitsuena bihurtu da zarauztarrena. Hurrengo aldietan egitaraua asteburu osora luzatu zuten antolatzaileek, eta xake bizidunarekin, malekoian jokatutako aldibereko partidekin eta xakearen inguruko beste zenbait ekitaldirekin osatu zuten festa. Azken bi urteotan, ordea, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan dute.

Lehenago, Xake Festaren oihartzuna lau haizetara zabaltzeko, ekimenarentzat abestia sortzea eskatu zioten antolatzaileek Imanol Urbieta (1934-2016) musikari zarauztarrari. Izan ere, Urbieta aitzindaria izan zen pedagogia irudimentsua eta sortzailea defendatzen, eta heziketarako eredu berriak abiarazten, gaur egun xakearekin eskoletan egin daitekeen moduan.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz ohartu zenetik, irakaskuntza eta musika uztartu eta etenik gabe aritu zen haurrei musika irakasten eta haurrentzako abestiak sortzen. Haur kantarien mugimendua sortu zuen, eta 1967an argitaratu zuen haurrentzat euskaraz egindako lehen diskoa: Haur Kantariak. Ordudanik, sugarrak begietaraino zabaltzen zizkion pasioarekin, etenik gabe aritu zen lanean batean eta bestean, euskal kulturgintzarekin lotutako hainbat talde eta ekimenetan. Sormena eta irakaskuntza uztartu zituen, eta musika zabaltzen eman zuen bizitza, Xirula Mirula musika eskola sortuta.

Euskarazko telebistarik, pailazorik eta haur abestirik ez zegoenean haur izan ziren milaka euskaldunen haurtzaroa ezin da ulertu Imanol Urbieta gabe. Aitzindaria izan zen eskolari musika jartzen eta haurrak abestien artean bizirik sentiarazten. Xirula Mirula, azken batean, musika eskola baino gehiago, bizitzari begiratzeko modua bihurtu zuen. Haurren modura bizitzeko aldarria eta haurren irribarrea lau haizetara zabaltzeko ahalegina.

Urbietaren abestiak herrikoiak bihurtu ziren aspaldi, eta Urbietarenak direla jakin gabe abesten dira oraindik ere batean eta bestean. Bakarrik eta libre, Txikia izanik, Ran Roberran, Mac Mikel, Txoria nintzela, Behin betiko, Jon Braun, Alaken, Mendi aldetik datoz, Kalera kalera eta abar. Hasieran lau katu eta danbor bat izango ziren, baina gaur egun milaka eta milaka euskal haurren soinu bandak Imanol Urbietaren musika du.

Xake Festaren antolatzaileek, beraz, ez zuten hautagai hoberik haurrak eta xakea uztartzen dituen ekimenaren musika sortzeko. Urbietak baietz erantzun zien, eta horrela heldu zitzaion abestiaren oinarrizko bertsioa Ander Zulaika musikariari eta Orokieta Herri Eskolan xake irakaslea zenari. Antxon Sarasua lankide eta lagunarekin batera egokitu eta landu zuen abestia, eta Elkar estudioan grabatu zuten, Ane Sarasuak abestuta.

Lehenago, ordea, Imanol Urbietaren bihotza gelditu egin zen, 2016ko irailean. Lagunek eta senideek itsasoan zabaldu zituzten musikariaren errautsak. Xake Festaren antolatzaileek, berriz, haren azken abestia aurkeztu zuten, Kontxi Aizarna alargunari oroigarria ematearekin batera, abestia sortzen bidelagun izan zelako: Zortzi zortziko xake taulan jolasean hasi gara. Bi lagun behar dira ongi aritzeko…




[Kontxi Aizarna, Arrate Ugalderen eskutik oroigarria jasotzen].




[Euskal Herri osotik heldutako haurrak eta gazteak elkartzen dira Xake Festan].

Argazkiak: Urola Kostako HITZA.


Erreferentziak:
· Ander Zulaika eta Bingen Urbieta: “Xakea desmitifikatu behar da. Ez da zaila. Arau batzuk ikasi eta etekina ateratzea da gakoa”. Noticias de Gipuzkoa, 2014-10-07.
· Kontxi Aizarnari oroigarria eman diote Xake Festan. Urola Kostako Hitza, 2018-05-20.
· Zarauzko Xake Festaren webgunea: https://xakefesta.wixsite.com/zarautz
· Xake Festaren abestia entzungai: Xake Festa – Imanol Urbieta.
· Imanol Urbieta, kantu bihurtu den irria. Elkar aldizkaria, 2017-01-04.
· www.ajedrezpielagos.org

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina