[46] Lurralde berrietara iristeko mapak

24 02 2021

Xake nobela idatzi baino lau urte lehenago, Stefan Zweig idazle austriarrak Magellan. Der Mann und seine Tat (1938) historia liburua argiratu zuen, Magallanesen biografia eta 1519tik 1522ra itsasoetan barrena munduari itzulia eman zion gaztelarren espedizioaren kronika ederra bilduz. Joan Sebastian Elkano liburuaren amaiera aldera soilik agerrarazi zuen egileak, eta ez nolanahi, gainera. Noizbait Magallanesi aurre egin ondoren hark hasitako balentriaren aintza guztiarekin geratu zen traidoretzat baizik. Getariarrarentzat mesprezu hitzak ditu Zweigek, behin baino gehiagotan.

Liburu hark eragin handia izan zuen Gari Kasparoven izaeran eta xakean jokatzeko moduan. Izan ere, haurra zenean aitak liburu haren pasarteak irakurri zizkion, eta Kasparoven hitzetan, “esploratzaile handi haien bidaien arrastoari jarraitzea bihurtu zen gure denborapasa gustukoena”. Beraz, sei urte bete zituenean mundu-bola oparitu zioten gurasoek, eta “laster mundu osoko herrialdeen hiriburuen izenak nekizkien. Benetan gertatutako abentura haien kontakizunek edozein ipuinek baino gehiago liluratzen ninduten. Egundoko ausardia behar zen horrelako bidaiei ekiteko lehenengoa izatean, eta istorio haiek nire aitzindari izaera hauspotu zuten. Aurrera egiteko, bide berriak zabaldu eta aurkitu nahi nituen. Horrela, xakean egin dudan ibilbidean barrena, erronka eta bide berriak bilatu izan ditut beti, lehenago beste inork urratu gabekoak”.

Xakean daitezkeen marka gehienak hautsi, urte askoan munduko txapelduna izan eta 2005ean jokalari profesional modura erretiratu ondoren, How life imitates chess (2007) liburua plazaratu zuen Kasparovek. Xakean gailurrera heltzeko zerk balio izan zion kontatu zuen eta, bizitzak xakea imitatzen duelakoan, helburuak lortzeko eta arrakasta lortzeko aholkuak gehitu zizkion. Liburu hartan aritu zen bide berrien ahalmenaz.

Kasparoven arabera, “esploratzaile handien eta enperadoreen garaia pasatu da, baina aurkitu gabeko lurraldeak geratzen dira oraindik. Gure mugak eta gure bizitzen mugak azter ditzakegu, eta horretarako ezinbestekoa da ohiko bideetatik aldentzea”. Areago ibiltzea. Urrunago. Gorago. Askeago. Hegan egitea. Bide berriak zabaltzea, munduari buelta eman ahal izateko: “Teorian, ordu erdian edonork ikas dezake xakean jokatzen, eta arauak berdinak dira gizon, emakume eta haur guztientzat. Baina arauetatik harago lehen pausoa ematen dugunean, ordea, arauen arabera mugitzeaz soilik kezkatzeari uzten diogunean, gainerako guztiengandik bereizten gaituzten patroiak sortzen hasten gara”.

Hortik aurrera, sormena, erabakiak hartzeko gaitasuna, heziketa eta logika elkartzen dira, eta norberaren estiloa mamitzen da. Estilo hori izaeraren eta psikologiaren isla denez, xakea bitarteko egokia da horietara heltzeko, aztertzeko edota horietan eragiteko. Kasparoven iritziz, esaterako, estiloan eragiteko ezinbestekoa da heziketa, besteek egin dutena ezagutzeko eta egin daitekeena aurreikusteko. Aurrera egiteko eta lurralde berrietara iristeko mapak edukitzea, alegia.

“Xakean esan ohi da plan eskas bat izatea hobea dela planik ez izatea baino. Urrats bakoitzak, erantzun bakoitzak, erabaki bakoitzak, ongi aztertutako estrategia baten parte izan behar du. Bestela, helburuak zehaztu gabe ibiliko gara, eta gure erabakiak erantzun hutsak izango dira, aurkariaren inguruan bueltaka, noraezean, gure bidea eta estiloa sortu beharrean. Mugimendu onenak, beti, gertatzea nahi duguna gerta dadin egiten direnak dira”.


[Gari Kasparov. Argazkia: Erick W. Rasco, The Thalks].

Erreferentziak:
· Kasparov, Gari: How life imitates chess. William Heinemann, 2007.
· Zweig, Stefan: Magellan, Conqueror of the Seas. Zweig Press, 2007.





[45] Gari Kasparov. Errege beltza.

24 02 2021

Anatoli Karpoven izena Gari Kasparoven ibilbidearekin lotuta geratu da ezinbestean. 1984az geroztik jokatu zituzten munduko lau txapelketen finaletan, bakoitzak Sobietar Batasunarekiko zuen ikuspegia osagai esanguratsua izan zen, eta tentsioa xake taulan ez ezik maila politikoan, adierazpenetan eta epaileen erabakietan ere islatu zen.

Gari Kimovitx Weinstein Bakun jaio zen, Azerbaijango hiriburuan, Kaspio itsasoaren magalean, 1963ko apirilaren 13an. Klara Xagenovna Kasparian armeniarra zuen ama. Aita, berriz, Kim Moisejevitx Veinxtein errusiarra. Haurrak zazpi urte zituenean hil zen aita, leuzemiak erasanda, eta amaren abizena hartu zuen semeak. Arazoak saihestearren, aita judua zela ezkutatu eta amaren abizen armeniarra apur bat errusiartu zuten: Kasparov.

Xakean aitarekin ikasi zuen, eta gurasoak laster ohartu ziren egundoko gaitasuna zuela, xakearekin lotutako ariketak edo mansubatak ebazteko zuen erraztasunagatik. Aita hil zenean, beraz, seme bakarra xakean gailurrera iristeko trebatzea erabaki zuen amak, eta ahal zuen guztia laguntzea horretan. Ez zuen hutsik egin.


[Gari Kasparov, 11 urte zituenean, 1974an].

Sobietar Batasunean ohikoak ziren haurrak eta gazteak sortzaile edo kirolari gisa zailtzeko zentroak. Horietako 3.500 inguru zituzten lurralde osoan barrena. Baita Bakun ere, eta amak hara bideratu zuen Gari Kasparov, zazpi urte zituenean. Ederki moldatzen zenez, hamar urte zituenerako Mikhail Botvinniken xake eskolaren ateak zabaldu zizkioten, eta laster gailendu zen bateko eta besteko partida, erakustaldi eta txapelketetan. Sobietar Batasuneko txapelketa, esaterako, 1976an irabazi zuen lehen aldiz gazteen mailan, 13 urterekin. Hurrengo urtean, bigarren aldiz.

Harrezkero, mugarik gabe egin zuen gora. 1978an Sokolskiren Oroimenezkoa irabazi eta maisu titulua eskuratu zuen, eta Sobietar Batasuneko txapelketarako sailkatu zen, 15 urte besterik ez zituenean. Bi urte geroago irabazi zuen gazteen arteko munduko txapelketa, eta 18 urterekin lortu zuen Nazioarteko Maisu Handia izendapena. Gailurrera 1984an hurbildu zen, Hautagaien Txapelketa irabazi eta Munduko Txapelketaren finalean Anatoli Karpovi koroa kentzeko aulkia lortu zuenean.

Xakea eta politika

Luzea bezain gogorra izan zen Moskun 1984an hasi eta hurrengo urtean amaitutako norgehiagoka hura, baina azkenean, 1985eko azaroaren 9an Gari Kasparovek irabazi zuen Munduko Xake Txapelketa. 22 urte zituen. Besteak beste, munduko txapeldun gazteena bihurtu zela nabarmendu zuten hedabideek, eta urte askoan eutsi diote kontu horri, Maia Txiburdanidze georgiarrak 17 urterekin lortu zuela ahaztuta eta isilduta. Genero kontuak eta emakumeen ikusezintasuna, beste behin ere.


[1985ean koroatu zen, Munduko Txapelketa irabazita, 22 urterekin].

Karpoven eta Kasparoven arteko lehia estuak atal berriak izan zituen, eta Munduko Txapelketaren hurrengo finaletan ere aurrez aurre izan ziren biak: 1986an (Londres-San Petersburgo), 1987an (Sevilla) eta 1990ean (New York-Lyon). Alde handirik gabe, baina azkenean Kasparovek irabazi zituen guztiak.

Sobietar Batasuna urmeldu eta desagertu zen garaiarekin bat egin zuten norgehiagoka haiek, eta horrek politikoa ere bihurtu zuten lehia. Karpov sobietarren boterearen eta batasunaren aldekoa zen bitartean, Kasparov aldaketaren aldeko ikurra bihurtu baitzen.

Sobietarren sistema politikoa eta ekonomikoa aldatu nahian, Alderdi Komunistaren barruan Perestroika izeneko mugimendua abiarazi zuen Mikhail Gorvatxov idazkari nagusiak, eta merkataritza erreformak sustatu zituen. Horiek eragin handia izan zuten ordura arte sozialistak izandako Sobietar Batasuneko 15 errepublika federatuetan, eta gatazka soziala, politikoa eta ekonomikoa hauspotu zuten, azkenean zenbait errepublikek batasunari uko egin, independentzia aldarrikatu eta 1991n ofizialki Sobietar Batasuna desagertu arte.

Munduaren begietara, Karpov Errusia handiaren eta Sobietar Batasunaren ordezkaria izan zen. Kasparov, aldiz, 1991n independentzia aldarrikatu zuen Azerbaijango errepublikan sortutakoa, aldaketak askatasuna zekarrela sinetsi zuena eta sobietarren botereari aurre egin ziona.

1980ko hamarkadan Alderdi Komunistako kidea eta Komsomol gazte erakundeko ordezkaria izan zen, Karpov bezala. 1990ean, ordea, alderdia utzi eta bidelagun izan zen Errusiako Alderdi Demokrataren sorreran. Gerora, urte askoan hainbat koalizio eta fronte osatzen aritu zen, eta 2007an Beste Errusia koalizioaren izenean Errusiako lehendakaritzarako hautagai izateko asmoa ere agertu zuen, beti ere Vladimir Putin presidenteari aurre eginez. Urte hartan bertan atxilotu egin zuten koalizioaren mitin batean, eta bost egun egin zituen kartzelan. 2012an ere atxilotu zuten, Pussy Riot musika taldearen aurkako epaiketaren atarian, punk-rock talde feministaren alde agertu zenean. Gaur egun, mendebaldeak hauspotuta, Errusiako presidentearen aurkari eta oposizioko kide sutsuenetakoa izaten segitzen du.


[Kasparov atxilotu eta kartzelaratu egin zuten 2007an, Beste Errusia koalizioren mitin baten ostean].

Gailurrean, bide berrien bila

Xakeari dagokionez, inoiz sortu den jokalari onena da askorentzat. Hainbat aldiz munduko txapelduna izateaz gain, ELO puntuen sailkapenean lehen postuan denbora gehien eman duen jokalaria ere izan da. 1986tik 2005era eutsi zion lehen postu horri. Gainera, 1999ko uztailean 2.851 puntura heldu zenetik, xakearen historian ELO puntu gehien lortu izanaren marka ere ezarri zuen, Magnus Carlsen norvegiarrak 2012an gainditu zuen arte. Olinpiar Jokoetan ere urrezko hamabost domina irabazi zituen, taldeka zein bakarka: lehen zortziak Sobietar Batasunaren izenean eta, hura desagertu ostean, beste zazpi Errusiaren izenean.

Gailurrean egon zen bitartean, bidegabea iruditzen zitzaiona salatu eta irauli behar zuela sinetsita, politikan ez ezik xakean ere ezarritako arauei aurre egiten ahalegindu zen, eta urte askoan gorabehera ugari izan zuen, batez ere Nazioarteko Xake Federazioarekin. Lehen aldiz Munduko Txapelketa irabazi ondoren hasi zen haserretzen FIDErekin. Urte batzuk geroago, maisu handiek baldintza hobeak merezi zituztelakoan, Xakearen Elkarte Profesionala sortu zuen 1993an, eta bi aldeen arteko harremanak zeharo ozpinduta, Kasparovek sortutako elkartea ere Munduko Xake Txapelketa antolatzen hasi zen. Horrek zeharo zatitu zuen goi mailako xakea, eta arrakala erabatekoa izan zen, ekaitza apaltzeko ahaleginen ondoren 2006an urak bere onera itzularazi zituzten arte. Gerora, zatiketa hura sortu izana bere ibilbidean egindako akatsik handiena dela adierazi izan du Kasparovek.


[Gari Kasparov, 1997an, Deep Blue ordenagailuaren aurkako lehiarako entrenamendu saioetan. Argazkia: Ted Thai].

Bide berriak zabaltzeko ahaleginean, berariaz xakean jokatzeko sortutako ordenagailuen aurka lehiatzen ere aitzindaria izan zen, eta oihartzun handia izan zuten munduko txapelduna izan zen bitartean ordenagailuen aurka onartu zituen erronkek. Deep Thought (1989), Deep Blue (1996, 1997), Deep Junior (2003) eta X3D Fritz (2003) ordenagailuen aurkako norgehiagokak izan ziren sonatuenak, eta ikusmin handia eragin zuten, gizakiek sortutako makinek munduko xake jokalari onena mendean hartzea mugarria baitzen adimen artifizialaren historian. Deep Blue ordenagailuak Kasparovi irabazi egin zion 1997an, eta handik sei urtera jokatutako bi norgehiagoketan ere berdinketaraino estutu zuten.


[Ikusmin handia sortu zuen Kasparoven eta IBMren Deep Blue ordenagailuaren arteko lehiak, 1997an].

Gainerakoan, urte haietan xake taularen aurrean ez zuen aurkari askorik izan, eta nazioarteko hainbat txapelketa irabazi zituen batean eta bestean. Goi mailako beste hainbat jokalarik bezala, ordea, aitakeriaz hitz egin zuen emakumeen gaitasunaz. Judit Polgar gailentzen hasi zen urteetan, esaterako, honakoa esan zuen hungariarrari buruz: “Xakerako talentu handia du, baina azkenean emakume bat da, eta ez dago borroka luze batean iraun dezakeen emakumerik”. Polgarrek 2002an irentsarazi zizkion hitzak, Errusia Munduaren Aurka izeneko txapelketan Kasparov mendean hartu zuenean (hemen partida ikusgai).

Arrakastaren marka eta amaren galera, erbestean

Goi mailako xake jokalari eta profesional modura erretiratzea erabaki zuen 2005ean, eta harrezkero politikan, idazten eta xakea sustatzeko ekimenetan aritu da. Liburugintzan arrakasta handiko egilea da, eta xakearen inguruko 30 bat liburu argitaratu ditu. Xake ikasgaiak (1997), Nire aitzindari handiak (2003-2006) izeneko bilduma mardula eta Xakeak bizitza nola imitatzen duen (2007) dira horien artean ezagunenak.

Nolabait, Gari Kasparov marka bihurtu da mendebaldean. Kondaira bizirik dago, eta xakearen historiako jokalari handienetakoa izateaz gain, arrakasta lortzeko eredutzat eta demokraziaren aldeko ekintzailetzat aurkezten dute hedabideek edota hitzaldiak ematera gonbidatzen duten enpresarien elkarteek.

Klara Xagenovna Kasparian, Gari Kasparoven ama, 2020ko abenduaren 25ean hil zen, Moskun, 83 urterekin, COVID-19ak erasanda. Alargun geratu zenetik, semearen orube sendoena eta zorrotzena izatea erabaki zuen, eta munduan barrena haren bidaide izan zen askotan, txapelketa edo ekitaldi garrantzitsuenetan bertatik bertara babestuz. Elkarrekin ez zeudenean, amari deitzen zion Kasparovek nonbaitera heldu orduko, ongi iritsi zela esateko. Hala ere, ama agurtzera, hiletara eta ehorztera ez zen joan Moskura. Gaur egun nazioartean Vladimir Putinen aurkari sutsuenetakoa izateak segurtasun neurriak muturreraino zorroztera eraman du, eta errusiarren zerbitzu sekretuek edonoiz pozoinduko duten beldur da. Horregatik, ez du inon ezer jaten eta edaten erabateko konfiantzako lekuetan ez bada, eta ez du sekula bidaiatzen Errusiako Aeroflot hegazkin konpainiaren hegaldietan.


[Klara Xagenovna Kasparian, semearekin].


[Klara Xagenovna, Gari Kasparoven ama, 1985ean. Argazkia: Maria Moreno/El País].

Beldur horren eraginez, erbestean bizi da. Neguan New Yorken, eta urtaro eguzkitsuenetan Kroazian, kostaldeko Makarska herrian duen etxean. Lehendik ere han igaro ohi zituen udak, Adriatiko itsasoaren eta Biokovo mendien magalean. Gainera, 2014az geroztik kroaziar herritartasuna eta pasaportea du. Izan ere, Sobietar Batasunarekin batera Jugoslavia ohia ere amildu eta Kroaziak independentzia aldarrikatu zuenean, Kasparov munduko txapelduna zen, eta babes handia eman zion herrialdeari. Harrezkero, kroaziarrentzat askatasunaren bidean eskua luzatu zien laguna da Kasparov, eta esker onez itzuli diote garai hartan jasotako babesa.


[Gaur egun Kroaziako herritartasuna du Gari Kasparovek, eta Makarskan bizi da].


[Kroaziako kostaldean dago Makarska, Adriatiko itsasoaren eta Biokovo mendien magalean].





[44] Liburuak, zigiluak eta beste bilduma batzuk

13 02 2021

Xakean lortutako munduko txapelketez eta garaipenez gain, Anatoli Karpovek baditu beste marka batzuk ere. Munduan barrena xakearekin lotuta argitaratu diren zigiluen eta liburuen bilduma garrantzitsuenetakoak dituen laguna da, eta Errekorren Guiness Liburuan ere ageri da, egun bakar batean liburu gehien sinatu eta eskaini izanagatik.

Mexiko Hirian xake festa handia antolatu zuten 2006ko urriaren 22an, partida bizidunekin, egun osoko egitarau oparoarekin eta munduko zenbait marka hausteko asmoarekin. Zokaloa 64 laukitan zatitu eta milaka xake taularekin bete zuten plaza, eta 13.500 jokalari aritu ziren aldi berean, mundu osotik joandako 700 maisuren aurka. Karpov izan zen ohorezko gonbidatua, eta 1.951 liburu sinatu zituen. Zehazki, gaur egun Donostian bizi den eta bertan errotuta dagoen David Llada (Pravia, 1978) kazetariak idatzitako Anatoli Karpov. El camino de una voluntad biografiaren aleak izan ziren, antolatzaileekin adostuta. Kazetari eta argazkilari asturiarraren liburua, beraz, berezia eta estimu handikoa da Karpoventzat, fisikoki xakeari buruzko 15.000 ale inguruko bere liburutegian bat gehiago besterik ez den arren.

Vasily Panoven lehen bi liburuak oparitu zizkiotenetik etenik gabe hazten eta hazten joan da Karpoven liburutegia, eta gaur egun xakeari buruzko munduko liburutegi handienetakoa du, 15.000 ale baino gehiagorekin. Bildumazale amorratua da Karpov, eta 70eko hamarkadaren hasieran Tigran Petrosian lagunaren etxaldean xakeari buruzko liburutegia eta xake jokoen bilduma ikusi zuenean sortu zitzaion haien antzekoak osatzen hasteko gogoa. Harrezkero ez da gelditu, eta xakeari buruzko milaka liburu bildu ditu, ehunka xake taula, joko eta xakearekin lotuta munduan zehar aurkitzen joan den guztiarekin batera.

Karpoven liburutegiak erakusten du xakeari buruzko liburuak askotarikoak direla, eta milaka izan arren beti sortuko dela berriak eta ezberdinak idazteko aukera, amaiezina baita ekarpen, gai, ikuspuntu, hizkuntza, asmo eta hartzaileen araberako emaria. Xake partida baten antzera, alde batetik edo bestetik hasi eta milioika aldaera izan ditzake xakeari buruzko liburu batek, hautatzen denaren eta kontatu nahi denaren arabera.

Hala ere, Karpoven bilduma garrantzitsuena eta estimatuena ez da xakeari buruzko liburuena. Zigiluena baizik. Alexander Kolixkin auzokideak kutsatu zion zigiluak biltzeko zaletasuna, eta urteek aurrera egin ahala erabateko pasioa bihurtu zen hura Karpoventzat. Xakeari esker munduan barrena bidaiatzeko aukera baliatuz, bilduma handitzen eta osatzen joan da bizitzan zehar. Gaur egun, mundu osoko zigilu bilduma garrantzitsuenetakoa du, bai kopuruagatik eta baita zigiluen berezitasunengatik ere, eta bereak dira xakeari buruzko eta Olinpiar Jokoei buruzko zigiluen bilduma garrantzitsuenak.

Xakeari buruzko zigiluei dagokienez, edonon edonoiz argitaratu izan diren guztiak omen ditu jasota. Adituen arabera, kalkulaezina da Karpoven jabetzako zigilu guztien balioa, eta hainbat herrialdetako bankuen gordailuetan ditu gordeta. Tartean, baita batean eta bestean bere omenez plazaratutakoak ere.















Erreferentziak:
· Llada, David: Karpov, el camino de una voluntad. Madril: Dilema Editorial, 2006.
· Winter, Eduard: Chess and Postage Stamps.





[43] Anatoli Karpov. Errege zuria.

13 02 2021

Nina Grigorievnak lantokian ezagutu zuen Eugeni Stepanovitx. Zlatoust hirian bizi ziren, Errusian, Ural mendien magalean. Metalgintzaren abaroan hazi eta garatu zen Zlatoust, hasieran ezpatak eta kanoiak landuz, eta geroago altzairuaren inguruko industriaren baitan, batez ere nekazaritzarako makineria eta erlojuen edo armen piezak ekoitziz. Bi lankideak ezkondu egin ziren, eta Larissa alabaz erditu eta sei urtera berriro ere haurdun geratu zen Nina. Zazpi hilabete geroago jaio zen bikotearen bigarren haurra: Anatoli Eugenevitx Karpov, 1951ko maiatzaren 23an.

Zazpikia izateak, ordea, eragina izan zuen haurraren osasunean. Birikak eta arnas aparatua erabat garatu gabe munduratu izana arrastaka eraman behar izan zuen haurtzaroan, eta lehen urteetan medikuek kezka ere agertu zuten hain ahul ikusten zuten haur hura aurrera egiteko gai izango ote zen. Gainera, 1957an istripu larria izan zuen Uralen magalean zegoen Kixtimgo zentral nuklearrak, eta erradioaktibitate asko eta altua zabaldu zuen ehunka kilometrora, airea, lurra, lakuak eta inguruetako hiriak kutsatuz. Hondamendi nuklearra handia izan bazen ere, Sobietar Batasunak ezkutatu egin zuen istripua, eta 1962an beste isuri bat izan zuen zentralak. Kutsadura Zlatoust hirira ere heldu zen, eta hark areago erasan zuen lehendik ere ahula zen Anatoli Karpov haurraren osasuna.

Xakea babesleku

Eri eta makalduta, askotan etxean sartuta eman behar izaten zituen egunak eta egunak. Ordurako, ordea, xakean aurkitu zuen babesa. Aita lagunekin xakean ikusten zuen, eta lauzpabost urte zituenean haiei begira ikasi zituen lehen mugimenduak. Laster hasi zen aitarekin jokatzen, baina ez zuen batere gustukoa galtzea, eta negar egiten zuen galtzen zuenean. Aitak, ordea, ondo hezi zuen: galtzean negar eginez gero inork ez zuela berarekin jolastu nahi izango, eta negar egin beharrean egindako akatsetatik ikasteko esan zion. Haserrea iraultzen hasteko. Malkoak laia bihurtzeko. Zutitzeko. Irabazteko.

Vasily Panov xake jokalari eta kazetariak oinarrizko partida hasierei buruz idatzitako liburua oparitu zion garai hartan aitak, eta Anatolik gustura errepasatzen zituen orrialde haietan bildutako hasierak edo irekierak. Zazpi urte bete zituenean, berriz, egile beraren beste liburu bat oparitu zioten: Capablancaren biografia eta hautatutako partida onenak. Egunak eman zituen liburu harekin, partidak irakurriz, errepasatuz eta ikasiz, eta ohartzerako hasi zen aita mendean hartzen.

Aitarekin nahikoa ez eta eraikin bereko Alexander Kolixkin auzokidearekin hasi zen xakean. Karpoven gaitasunarekin harrituta, auzokideak Zlatousteko lantegi baten xake elkartera eraman zuen, eta zazpi urterekin han hasi zen lehen txapelketak jokatzen eta irabazten. Hamar urterekin, Sobietar Batasuneko eskolarteko txapelketako jokalari gazteena zen, eta hamabirekin maisu handi izateko sobietarren hautagai gazteena. Garaipenek eta ibilbide labur bezain harrigarri hark arreta piztu zuten kirol arduradunen artean, eta Mikhail Botvinniken xake eskolan lekua izatea lortu zuen.

Ikasleek postaz jasotzen zituzten xakeari buruzkoak, mugimenduak, partidak, taktika, estrategia eta gainerakoak aletuz, eta urtean bi aldiz Moskun elkartzen ziren, eskolan oporrak zituztenean. Xake eskolako ikasleen udalekuak izaten ziren. Haietan, 1963ko udan, Botvinnik bera izan zen Karpoven irakaslea, eta hura mugarria izan zen orduan 12 urte besterik ez zituen jokalariaren ibilbidean.

Handik aurrera gora eta gora egin zuen. Hamabost urterekin maisua izatea lortu zuen, 1966an. Geroago gazteen arteko munduko txapelketa irabazi zuen, eta 1970ean maisu handia (GM) izendatu zuten. Karpoven xakea eta gaitasuna Capablancarenarekin alderatzen hasi ziren kazetariak eta adituak.

Xakerako denborak eta prestaketa zorrotzak, ordea, ez zuten ikasketak alde batera uztera bultzatu. Bigarren Hezkuntza ohorezko matrikularekin amaitu ondoren, Ekonomia ikasketak egin zituen, hasieran Moskuko Unibertsitatean eta ondoren Leningradokoan, eta 1972an doktoretza tesia aurkeztu zuen: “Denbora librea eta bere garrantzia ekonomia sozialistan”. Tesian ez zuen xakea aipatu ere egin. Ikasketei ez ezik militantzia politikoari ere eskaini zion denbora, garai hartan Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiko kidea eta alderdiaren Komsomol gazte erakundeko ordezkaria izan baitzen.

Fischerren koroa Karpoventzat

Boris Spasskik urte hartan galdu zuen munduko txapelketa, Bobby Fischerren aurka. Hura kolpe handia izan Sobietar Batasunarentzat, eta Spasski bazterrera uzteko eta Fischerri koroa kentzeko hautagai berriaren bila hasi ziren sobietarrak. Horretarako, Sobietar Batasuneko Xake Federazioak txapelketa antolatu zuen 1973an, Moskun, eta handik atera zituen 1974ko Hautagaien Txapelketarako jokalariak. Spasski eta gainerako aurkariak mendean hartuz eta partidak irabaziz, batean eta bestean aurrera egin zuen Karpovek, eta Hautagaien Txapelketako finalera heldu zen, Viktor Kortxnoi (1931-2016) errusiarraren aurka.

Langileen semea, azkarra, errusiar petoa, gaztea eta komunista zen Karpov. Sobietar Batasunak ohorea berreskuratzeko nahi eta behar zuen modukoa. Beraz, sobietarrak laster hasi ziren hura esne mamitan zaintzen. Baita Hautagaien Txapelketan ere, nabarmen samar, eta horrek haserretu egin zuen Kortxnoi, biak errusiarrak izan arren batek abegi eta laguntza gehiago izan zuela iritzita. Lehia oso estua izan zen bi sobietarren artekoa, eta azkenean Karpov heldu zen Munduko Txapelketaren finalera.

Ongi zainduta eta mimatuta, Bobby Fischerri aurre egiteko gogor prestatu zuten, baina ez zuen izan aukerarik estatubatuarrarekin jokatzeko. Xakearen historia da: Fischerren baldintzak, eskaerak, beldurrak eta marmarrak ez zituen onartu Nazioarteko Xake Federazioak eta, Munduko Txapelketaren finaleko partida bakar bat jokatu gabe, Anatoli Karpov izendatu zuen munduko txapeldun, 1975eko apirilaren 3an.

Erabakiak lurrikara eragin zuen nazioartean, bai kirol arloan eta baita politikan ere. Baina ez zegoen aurrera egiteko beste modurik. Fischer ez zen mugitu bere lekutik eta baldintzetatik, eta adostasunera heltzeko ahalegina egin arren, azkenean FIDEk erabakia hartu eta jakinarazi egin zuen. Karpov, ordea, suminduta zegoen. Fischerri xakean irabazita lortu nahi zuen koroa, eta hurrengo bi urteetan ahalegindu zen estatubatuarra konbentzitzen. Lau aldiz elkartu ziren, Tokion, Madrilen, Kordoban eta Washingtonen, baina ez zuen lortu Fischer xake taularen beste aldean esertzeko baldintzak adostea.

Arantza atera eta munduko txapelduna eskubide osoz zela erakutsi nahian, Karpovek ahalik eta nazioarteko txapelketa gehien jokatu zituen 1975etik aurrera. Baita irabazi ere.

Koroa Munduko Txapelketaren finalean defendatzeko aukera, berriz, 1978an izan zuen lehen aldiz. Viktor Kortxnoi izan zuen ostera ere aurkari. Sobietarrekin zeharo etsita eta haserretuta, Kortxnoik 1976an Sobietar Batasunetik ihes egin zuen, hasieran Herbeheretara, gero Alemaniara eta azkenik Suitzara. Sobietar Batasuneko txapelketa lau aldiz irabazitakoa zen, eta sobietarren taldearekin baita sei aldiz Xake Olinpiar Jokoak ere. 1974an Karpoven aldean jasandako tratuaren ondoren, ordea, atzerriko zenbait hedabidetan plazaratu zuen haserrea, eta giroa ozpintzen joan Kortxnoiren eta sobietarren artean. Azkenean, herrialdetik alde egitea erabaki zuen. Beraz, 1978ko Munduko Txapelketaren finalean Karpoven aurrean eseri zenean, berriro ere ikusmina handia zen. Aurrez aurre lehiatu behar zuten Alderdi Komunistaren aldeko munduko txapeldunak eta sobietarrentzat zizarea bihurtu zen disidenteak.


[Viktor Kortxnoi eta Anatoli Karpov, aurrez aurre].

Baguion jokatu zen final hura, Filipinetan. Hiru hilabete iraun zuen, eta xake taulatik kanpo film baterako moduko hainbat osagai izan zituen, espioitza kontuak, parasikologoak, hipnotizatzaileak, salaketak eta gainerakoak elkartuta. Zehazki, final hartan oinarrituta, La Diagonale du fou (1984) filma zuzendu zuen Richard Dembok, eta nazioarteko film onenaren Oscar saria eskuratu zuen hurrengo urtean. Adibide bakar bat jartzearren, Karpovek partidetan jogurtak jateko zuen ohituraz hitz egin daiteke. Kortxnoik horrelakorik ez onartzeko eskatu zuen, jogurtak sobietarren ezkutuko kodeak zirelakoan: Karpovi partidaren une batean ekartzen zioten marrubi zaporeko jogurtak mugimendu zehatz bat egin behar zuela adieraziko zukeen. Banana zaporedun jogurtak, aldiz, aurrez adostutako beste mugimendu bat, eta abar. Azkenean, jogurtak partidaren hasieran soilik baimendu zizkion epaileak Karpovi.

Xake taulan, berriz, lehia oso estua izan zen. 32 partida jokatu zituzten, eta Karpovek puntu erdiagatik soilik irabazi zion Kortxnoiri: 16,5 eta 15,5. Ohore guztiekin egin zioten harrera munduko txapeldunari Sobietar Batasunean.

Handik hiru urtera ere Viktor Kortxnoi heldu zen Munduko Txapelketaren finalera, eta koroa haren aurka defendatu behar izan zuen berriro Karpovek. Meranon jokatu zen 1981eko final hura, Italian. Sei partida irabazi behar ziren, eta Baguion baino askoz errazago gailendu zen Karpov. 6-2 irabazi zion Kortxnoiri.


[Anatoli Karpov eta Salvador Dali, 1979an, New Yorken].

Baina Kasparov iritsi zen

Hiru urte geroago, ordea, Sobietar Batasunean bertan loratutako eta sendotutako aurkaria izan zuen Munduko Txapelketaren finalean: Gari Kasparov. Xakearen historian ez ezik kirolaren historian ere oihartzun handiena izan duen norgehiagoka bihurtu zen bi sobietarrek 1984etik aurrera izandakoa. Fischer eta Spasskiren artekoak 1972an izandako ikusmina eta oihartzuna gainditu zuen, besteak beste xake taulak berriro ere mundua ulertzeko modua eta politika islatu zituelako.


[Gari Kasparov eta Anatoli Karpov, 1984an, Moskun, Munduko Txapelketaren finalean].

Kasparovek irabazi zuen Moskun 1984an hasi eta 1985ean amaitu zen Munduko Txapelketa, eta koroari eutsi zion 1986, 1987 eta 1990eko txapelketetan ere, guztietan finalean Karpov aurkari zuen bitartean. Kasparov, ordea, Nazioarteko Xake Federazioarekin haserretu zen xake jokalariek baldintza hobeak merezi zituztela iritzita, Xakearen Elkarte Profesionala sortu zuen, eta hura ere Munduko Xake Txapelketa antolatzen hasi zen, arrakalak eta zauriak zabalduz. Zatiketa giro hartan, munduko xake txapelketa bikoiztuta antolatu eta jokatu zen, 2006an berriro ere biak bateratu ziren arte.

FIDEk antolatutako Munduko Txapelketan, Karpovek 1993an berreskuratu zuen koroa, eta munduko txapelduna izan zen 1999ra arte. Urte hartan, ordea, kanporaketak lehen partidatik jokatu behar zituela erabaki zuten antolatzaileek. Karpovi ez zitzaion batere gustatu erabakia, eta ez aurkeztea erabaki zuen. Beraz, 1975ean munduko txapela eskuratu zuen modu berean galdu zuen 1999an: partida bakar bat ere jokatu gabe. Ordurako, zatiketak eta gaiztotutako giroak distira guztia apaldu zioten tituluari.

Karpovek batean eta bestean xakean jokatzen jarraitu zuen, baita nazioarteko txapelketetan eta erakustaldietan ere, baina gainerako lanei eta zaletasunei denbora gehiago eskaintzea erabaki zuen. Harrezkero, Ekonomiako irakasle katedraduna Moskuko Unibertsitatean, UNICEF agentziaren ordezkari Europan, edota Txernobilgo istripu nuklearraren biktimei laguntzeko nazioarteko elkartearen lehendakari izan da, besteak beste.

Hainbat liburu ere idatzi eta argitaratu ditu, xakearen ingurukoez gain arrakasta izateko bideei buruzkoak eta memoriak ere plazaratuz. Urte askoan bildumagile sutsua ere izan da, eta xakeari buruzko zigiluen eta liburuen munduko bilduma handienak osatu ditu. Gaur egun, Vladimir Putin Errusiako presidentearen Errusia Batua alderdiko kidea eta parlamentaria da, eta xakea eskoletan zabaltzeak dituen onurez hitz egiten du aukera ematen dioten leku guztietan. Baita Euskal Herrian ere. Besteak beste, Atarrabian, Donostian eta Bilbon izan da, zenbait aldiz.


[Anatoli Karpov, gaur egun. Argazkia: David Llada].

Erreferentziak:
· Dembo, Richar: La Diagonale du fou (1984). Filma, osorik (jatorrizko bertsioan, frantsesez, gaztelerazko azpitituluekin).
· Karpov, Anatoli: Chess is My Life. Pergamon Press, 1979.
· Llada, David: Karpov, el camino de una voluntad. Madril: Dilema Editorial, 2006.
· Llada, David: Karpov on his biggest pleasure in life. chessbase.com, 2018-07-18.
· Panov, Vasily: Basics of Chess Openings (Kurs debiutov).
· Panov, Vasily: Selected games of Capablanca (Capablanca: Biographiya i 64 izbrannii partii).
· Roshal, Alexander: Anatoly Karpov: Chess Is My Life. Oxford: Pergamon Press, 1979.
· Schonberg, Harold C.: Cold War in the Wordl of Chess. The New York Times Magazine, 1981-09-27.





[42] Maia Txiburdanidze. Sormenari zabaldutako leihoa.

13 02 2021

Gaprindaxvilik 1978an galdu zuen koroa, orduan 17 urte besterik ez zituen Maia Txiburdanidzek mendean hartu zuenean, Munduko Txapelketan.

Zortzi mende lehenago, Tamar Georgiakoa erreginak xakea hedatu zuen bere erreinupean, eta ezkontza doteak xake joko banarekin osatu behar zirela agindu zuen, emakumeek jokatzea sustatuz. Georgiarrek eutsi egin zioten ohitura hari eta, beraz, Sobietar Batasunean xakea eskoletan eta langileen artean ereitea erabaki zutenean, mendeetan zehar ongarritutako lurra aurkitu zuten. Georgiarrek pasioz bizi zuten xakea, eta Nona Gaprindaxvili gailurrera iristeak areagotu egin zuen lilura hura, haren emaitzek eta garaipenek eragin handia izan baitzuten XX. mendearen bigarren erdialdean Georgiako emakumeen artean, xakearekiko sukarra hauspotzeko.

Maia Txiburdanidzek, esaterako, giro hartan ezagutu zuen xakea. Kutaisin jaio zen, Georgiako hiri zaharrean, 1961eko urtarrilaren 17an. Kaukasoko mendien magalean, zortzi urte zituenean ikasi zuen xakean, eta haurtzaroan orduak eta orduak eman zituen xake taularen aurrean. 12 urterekin liluratuta zituen entrenatzaileak, eta Jugoslaviako txapelketa batera bidali zuten Georgiako Xake Federazioaren izenean. Hasieran, antolatzaileak harritu egin ziren, neska hura bidalita georgiarrak nahastu egin zirelakoan, adinagatik, baina laster ohartu ziren ezetz, Vlasta Macek Jugoslaviako txapeldunari 4-0 gailendu zitzaionean. “Fischer txikia” izendatu zuen Jugoslaviako hedabideetan.

15 urterekin emakumeen arteko Sobietar Batasuneko txapelketa irabazi zuen junior mailan, eta 16 urterekin kategoria nagusian gailendu zen. Estilo erasokor eta gordinarekin, Hautagaien Txapelketan aurkariak alde batera uztea lortu zuen, eta Munduko Txapelketaren finalera heldu zen, Nona Gaprindaxvili herrikidearen aurka. Irabazi egin zuen, eta xakearen historiako munduko txapeldun gazteena bihurtu zen, 17 urterekin.


[Maia Txiburdanidze, xakearen historiako munduko txapeldun gazteena. 17 urterekin lortu zuen lehen aldiz Munduko Txapelketa irabaztea. Argazkia 1984ko da. Volvograden. Egilea: Nekrasov/Sputnik].

Emakumeentzat soilik ziren txapelketetan parte ez hartzea erabaki zuen orduan, eta munduko txapelketak eta olinpiar jokoak kenduta, genero bereizketarik gabeko txapelketetan soilik aritu da harrezkero.

Medikuntza ikasketei ekin zien 18 urterekin, eta horrek xakean aritzeko eta entrenatzeko denbora zeharo murriztu zion arren beste lau aldiz irabazi zuen Munduko Txapelketa, Nana Alexandria, Irina Levitina Elena Akhmilovskaya eta Nana Ioseliani mendean hartuta. 1991n galdu zuen titulua, Xie Jun txinatarraren aurka. Medikuntzaz gain, georgiera eta grekera zaharra ere ikasi zituen, eta georgieraz ez ezik, errusieraz, ingelesez eta alemaneraz ere hitz egiten du.

Txiburdanidzeren talentuaz harago, xake taulan erakusten duen sormenerako gaitasuna aipatzen dute adituek eta kazetariek. Ez da harritzekoa, horrek lotura estua baitu Kutaisiko txapeldunak xakea ulertzeko duen moduarekin: “Xakea batez ere artea da, eta xakearen alderdi sortzailea interesatzen zait gehienbat”. Horregatik, ahal duen heinean, gaur egun ere sormenari leihoak zabaltzen jarraitzen du, atsedenik hartzeko asmorik gabe.

Mendebaldean oihartzun handirik izan ez badu ere, sorlekuan behintzat aitortza jaso du, eta askotan omendu dute izandako ibilbideagatik, lortutako guztiagatik eta emakumeen eskubideen alde egindako urratsengatik. Horrelakoetan, Txiburdanidzek beti ere bidelagunak gogoratu ohi ditu, bereziki taulakideak izan dituen Nona Gaprindaxvili, Nana Alexandria eta Nana Ioseliani herrikideak, mendeetan zehar xakean aritu diren emakume georgiarren oinordekoak direlakoan.


[Nana Alexandria, Nona Gaprindaxvili, Maia Txiburdanidze eta Nana Ioseliani, gaur egun, Glory to the Queen dokumentalaren fotograma batean].

Laurek xakeari eta emakumeen ahalduntzeari egindako ekarpena Glory to the Queen (2020) dokumentalean bildu zuten iaz Tatia Skhirtladze eta Anna Khazaradze zinema zuzendariek.

 






Erreferentziak:
· Khazaradze, Anna & Skhirtladze, Tatia: Glory to the Queen. 2020.
(Nona Gaprindaxvili, Maia Txiburdanidze, Nana Alexandria eta Nana Ioselianiri buruzko dokumentala).
· Scala, Eduardo: “Maia Chiburdanidze”, in El juzgador de Ajedrez. Bartzelona: Ediciones Ardora, 2014.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[41] Nona Gaprindaxvili. Genero bereizketarik gabe, gailurrean.

13 02 2021

Mundua Spasskiren eta Fischerren arteko norgehiagokari begira zegoen garaian, Nona Gaprindaxvili georgiarrak laugarren aldiz irabazi zuen Munduko Xake Txapelketa. Hark, ordea, mendebaldean ez zuen izan oihartzunik eta hedabideen arretarik. Batetik, sobietarrak mendean hartzea ezinezkoa zirudielako. Bestetik, ez zuelako izan maskulinitateak eraikitako aldarerik.

Gaprindaxvilik 1962an irabazi zuen lehen aldiz Munduko Txapelketa, Elizabeta Bikova errusiarrari gailenduta. Bobby Fischer Kanadako CBC telebistan elkarrizketatu zuten orduan, eta honakoa esan zuen: “Emakumeak xake jokalari beldurgarriak dira. Suposatzen dut ez direla hain azkarrak. Ez dut uste kontu intelektualetan nahastu beharko luketenik. Etxeko kontuetara soilik mugatu beharko lukete”.
(Hemen ikus daiteke elkarrizketaren zati hori)

Hitzak esanguratsuak dira, eta balio dute xakean jokatzen zuten emakumeen inguruan garai hartan zeuden aurreiritziak ulertzeko eta maisu handiek ere azpiratze sistema nola elikatzen zuten ikusteko. Horren ondorioa baitzen gero bazterkeria eta ikusezintasuna, batez ere mendebaldean. Horiei aurre eginez, ordea, Fischerri hitz horiek irentsarazteko moduko ibilbidea eta emaitzak izan zituen Nona Gaprindaxvilik 1960ko eta 1970eko hamarkadetan.



[Nona Gaprindaxvilik 21 urterekin irabazi zuen lehen aldiz Munduko Txapelketa].

Gaprindaxvili Georgiako Zugdidi hirian jaio zen, 1941eko maiatzaren 3an. Bost urte zituenean ikasi zuen xakean, anaia zaharragoekin, eta hamar urte geroago dagoeneko Georgiako txapelduna zen. Hogei urterekin, berriz, Hautagaien Txapelketa irabazi eta Munduko Txapelketaren finalera heldu zen. 1962an irabazi zuen lehen aldiz, eta beste lau aldiz eutsi zion tituluari, 1978an Maia Txiburdanidze herrikideak kendu zion arte.

Lehenago, xakearen historian mugarriak izan diren zenbait marka ezarri zituen. Lone Pineko nazioarteko txapelketan, esaterako, 45 gizon eta hainbat maisu handi hartu zituen mendean, eta genero bereizketarik gabeko naziorteko xake txapelketa bat irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Hurrengo urtean, berriz, emaitzengatik Nazioarteko Xake Federazioak ematen duen Maisu Handia (GM) titulua lortu zuen, titulu hori eskuratu zuen lehen emakumea bilakatuz. Sobietar Ba]]tasuneko txapelduna ere izan zen bost aldiz, eta sobietarren izenean hamar aldiz irabazi zituen Xake Olinpiar Jokoak.


[Gaprindaxvili, 1965ean, 28 gizonezkoren aurkako aldibereko erakustaldian].

Erretiratzeko asmorik gabe, bizitza osoa eman du xakea batez ere gazteen eta emakumeen artean sustatzeko ekimenak lagunduz, eta gaur egun ere gustura segitzen du horretan, 79 urterekin. Covid-19ak urrundu du partidetatik eta erakustaldietatik, baina pandemia apaltzean itzultzeko irrika adierazi du hedabideetan, “xakea baita nire bizitza energiaz betetzen duena”.

Gainera, The Queen’s Gambit telesailean ere aipatu dute. Zazpigarren eta azken atalean, Beth Harmon errusiarren aurka ari denean, irrati esatariaren ahotsa pasatzen da lehen planora: “Sobietarrentzat, Harmonen maila ezin da haienarekin parekatu. Segur aski Laevek ez zuen denbora askorik galduko partida hau prestatzen, Elizabeth Harmon ez baita beraien arabera garrantzitsutzat har daitekeen jokalaria. Egia esan, nobedade bakarra bere sexua da, nahiz eta Errusian ez den kasu bakarra. Hor dago Nona Gaprindaxvili ere, munduko txapelduna, gizonen aurka inoiz aritu ez den arren”.

Datua okerra da, eta bi esalditan bi akats ihesi zaizkie gidoilariei. Gaprindaxvili sobietarren izenean aritu zen, baina georgiarra da, ez errusiarra. Bestetik, gizonen aurka askotan aritu zen eta askotan irabazi zuen. Akatsak akats, ordea, aipamenak Gaprindaxviliren xakearekiko interesa areagotu du mendebaldean. Azken hilabeteotan, esaterako, asko hitz egin eta idatzi da Beth Harmon pertsonaia noren ibilbidean oinarrituta dagoen, eta batez ere Nona Gaprindaxvili gogoratu dute batean eta bestean, Vera Mentxik eta Judit Polgarrekin batera.


[Gaur egun ere, 79 urterekin, xakean jarraitzen du Nona Gaprindaxvilik, batez ere xakea gazteen eta emakumeen artean sustatzeko ekimenak lagunduz].

Erreferentziak:
· Hudoon, Fatima: The real – Life Queen’s Gambit: how Georgian Nona Gaprindashvili conquered the chess World. The Calvert Journal. 2020-11-27.
· Bideoa: Nona Gaprindashvili / Beth Harmon – The Queen’s Gambit.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[40] Spasski-Fischer, 1972. Mundua Islandiara begira.

5 02 2021

Mendebaldeko kulturan xakea hedatzeko hiru mugarri izan dira: Spasskik eta Fischerrek 1972an jokatutako munduko txapelketa, Karpoven eta Kasparoven arteko norgehiagoka eta The Queen’s Gambit telesaila. Hirurek milioika lagunen arreta piztu dute mundu osoan, eta xakea sustatzeko bidelagun izan da bakoitza bere garaian.


[Bobby Fischer eta Boris Spasski].

Spasskiren eta Fischerren artekoa erabat baldintzatu zuen Sobietar Batasunaren eta AEBen arteko lehiak, eta munduak ere horrela ikusi zuen final hura: xake taula Gerra Hotzaren borroka zelaia bihurtuta. Komunismoa eta kapitalismoa aurrez aurre.

Sobietarrek xakean zuten nagusitasuna islatzen zuen Spasskik. Eskola sobietarraren oinordekoa zen, eta partiden mugimendu, aldaera eta aukera guztiak azken milimetroraino aztertzen zituen aholkulari talde sendoa zuen atzean. Kontrola, zorroztasuna eta makinaren hoztasuna erakusten zuen, baina dotorea, hezia eta adeitsua zen.


[Boris Spasski].

Bobby Fischer, aldiz, zeharo bestelakoa zen, eta ez zegoen asmatzerik nondik aterako zen. Lotsatia eta beldurtia zen, baina finala hasterako bereak eta bi egin zituen, Nazioarteko Xake Federazioarekin baldintzak adostu ezinik: non, nola, noiz, zenbat partida, zenbateko saria, telebista eskubideen ehunekoa eta gainerakoak adostea eromena izan zen antolatzaileentzat. Azkenean, kontu guztiak zeharo lotu gabe geratu ziren arren, heldu ziren oinarrizko adostasunera, eta finala Islandian jokatzekotan geratu ziren, Reikiavik hiriburuan. 24 partida jokatu beharko zituzten, ohi bezala garaipen bakoitzeko puntu bat eta berdinketa bakoitzeko puntu erdia kontatuz. 1972ko uztailaren 2an hastekoa zen lehia, mundu osoko 300 kazetari bertatik bertara zituztela.

Fischer, ordea, ez zen agertu. Hasieran, 125.000 dolarreko saria izan zen aitzakia, eta hura bikoiztea eta telebista eskubideak gehitzea eskatu zuen. Antolatzaileek babesle pribatuak lortu zituzten, eta ahalegindu ziren eskaerak betetzen. Baina ez zegoen modurik Fischer konbentzitzeko. AEBak lotsagarri ari ziren geratzen munduaren begietan, eta Etxe Zuriarentzat estatu arazoa bihurtu zen hura. Richard Nixon presidenteak esku hartu zuen, eta haren izenean Henry Kissinger estatu idazkariak eta nazioarteko politika arduradunak telefonoz hots egin zion Bobbyri. “Munduko xake jokalari txarrena, munduko xake jokalari onenari deika” ari zela esan, eta Islandiara joateko eskatu zion. Errusiarrei irabazteko, mesedez, AEBentzat egundokoa litzatekeela, eta eskura zuela ohore hura. Saiatzeko. Onena opa ziotela. Azkenean, Brooklyngo apartamentutik atera eta Islandiarako lehen hegazkina hartu zuen Fischerrek.

Bakarrik iritsi zen Reikiavik hiriburuko aireportura. Milaka lagun eta ehunka kazetari zituen zain. Partidak jokatu behar ziren aretoa ikusi zuenean hasi zen berriro aitzakiak ehuntzen: ez zitzaion argia gustatu, eta ezta xake taularen neurria eta irudien tamaina ere. Hoteleko sukaldariarekin, logelarekin eta beste kontu askorekin ere tematu zen, antolatzaileak zoratzeraino, eta partidaren eguna atzeratu egin behar izan zuten. Azkenean, estatubatuarraren gutiziei men egin, eta uztailaren 11n jokatu zen munduko txapelketaren lehen partida, Laugardalshöll estadioan, 5.000 ikuslerentzako gaitasuna zuen aretoan.

Ordua iritsi zenean, ordea, Fischer ez zen agertu. Gertatzen ari zena sinetsi ezinik zegoen mundua. Spasskik lehen mugimendua egin eta bederatzi minutu geroago azaldu zen Fischer. Ondoren, partida erdian haserre zutitu zen, partida filmatzen eta zuzenean mundura zabaltzen ari ziren telebista kameren soinua jasanezina zitzaiola eta haiek kentzeko eskatuz. Antolatzaileek onartu egin zuten eskaera, kazetari errusiarrek eta amerikarrek protesta egin bazuten ere. Fischerrek 56. mugimenduan eman zuen amore, eta Spasskik irabazi zuen partida. 1-0.

Hurrengo partidara ere ez zen agertu, eta zirko ederra sortu zuen telebista kameren harira, haien hotsarekin ezin zela jokatu eta kendu egin behar zirela esanez. Antolatzaileek, ordea, uko egin zioten, eta Spasskiri eman zioten garaipena. 2-0.

Fischerrek hegazkina hartu eta etxera itzuli nahi zuen, baina antolatzaileen eta babesleen presioek, hotelera heltzen ziren milaka telegramek eta gutunek, telefono gorrien eta urdinen dantzak, xake federazioek, gobernuek eta bateko eta besteko deiek atzera eginarazi zuten. Baina aretotik ikusleak kentzea eskatu zuen. Sobietarrak nazkatzen hasi ziren gutizia haiekin guztiekin, baina Spasskik, kiroltasunez, partida kamerarik gabe eta mahai-teniserako erabiltzen zuten gela batean jokatzea onartu zuen. Fischerrek irabazi zuen lehen partida izan zen. 2-1.



Laugarren partida areto nagusian jokatu zuten berriro, eta lehia estutzen joan zen, xake zaleen gozamenerako. Baita hurrengoetan ere. Seigarren partida, esaterako, urrezko hizkiekin idatzita geratu da xakearen historian. Spasski ere liluratu zuen Fischerren perfekzioak eta, partida galtzean, zutitu eta milaka ikusleekin batera txalo egin zion amerikarrari. Egunek, asteek eta partidek aurrera egin ahala, Fischer garaipenera hurbiltzen hasi zen, eta bi partida besterik geratzen ez zirenean, amildegiaren ertzean sentitu ziren sobietarrak. Galtzen ari ziren, eta zilegi ez ziren taktikak erabiltzea eta Spasskiren aulkia manipulatzea leporatu zieten amerikarrei. Antolatzaileek 40. mugimenduan partida gelditu, hurrengo goizera atzeratu, eta sakon aztertu zuten aulkia, X izpiekin eta proba kimikoekin. Bitartean, sobietarren aholkulari denak mugimendu eta aukera posible guztiak aztertzen aritu ziren. Fischer, berriz, bola-jokoan ibiltzera joan zen. Antolatzaileek ez zuten ezer aurkitu Spasskiren aulkian, eta aurrera jarraitu zuen txapelketak.

Hurrengo goizean, ordea, Boris Spasski ez zen agertu partidara. Ezin zuela irabazi esateko eta garaipena Fischerri emateko eskatu zuen, eta 1972ko irailaren 1ean Bobby Fischer munduko xake txapelduna bihurtu zen. Islandiatik itzultzean, ohore guztiekin egin zioten harrera New Yorken, eta benetako izarra bilakatu zen estatubatuarrentzat. Koroatutako peoiak egunkarien eta aldizkarien azalak bete zituen, eta telebista saio ikusienetara eraman zuten. Milioika dolarretara heltzen ziren publizitate eskaintzak ere jaso zituen, baina uko egin zien guztiei, erabiltzen ez zituen produktuak ezin zituela iragarri argudiatuta.

Spasskik eta Fischerrek Islandian jokatutako munduko txapelketari buruzko lan asko argitaratu dira. Horien artean, David Edmonds eta John Eidinow kazetarien Bobby Fischer Goes to War (2004) liburua eta Edward Zwick zuzendariaren Pawn Sacrifice (2014) filma dira nabarmenenak.

Erreferentziak:
· Brady, Frank: Endgame: Bobby Fischer’s Remarkable Rise and Fall—From America’s Brightest Prodigy to the Edge of Madness. Broadway Books, 2011.
· Edmonds, D. & Eidinow, John: Bobby Fischer Goes to War. How A Lone American Star Defeated the Soviet Chess Machine. Harper Collins, 2004.
· Zwick, Edward: Pawn Sacrifice. 2014.

Spasski-Ficher 1972 lehiaren partida guztiak:
· World Chess Championship 1972.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[39] Bobby Fischer. Izuen gordelekuetan barrena.

5 02 2021

Bobby Fischer da xakearen historiak eman duen jokalaririk bereziena. Batzuen ustez, baita jokalari onena ere. Edo arraroena. Xelebreena. Bobby Fischer, gizona bere bakardadean. Barrura begiratzeko leihoa. Handia. Eromenaren mendietan. Balizko erroten erresuma. Lagun izoztua. Saturno. Ihes betea. Bai… baina ez. Hemen gauak lau ertz ditu. Lur bat zure minari. Galdu arte. Izuen gordelekuetan barrena. Nola heldu naiz ni honaino. Ez obeditu inori. Zureak egin du. Kontrarioa. Alter ero. Negurako aterpea. Berriro itzuliko balitz. Legez kanpo. Atzerri. Gehitu nahi den izenburua. Denek balio dute atal honentzat, eta baita askoz gehiagok ere.

Lehen denboraldia

Bobby Fischer Chicagon jaio zen, AEBetan, 1943ko martxoaren 9an, Robert James Fischer izenarekin. Dozenaka liburu idatzi dira bere bizitzari eta xakeari buruz, eta filmak, dokumentalak eta abestiak ere egin dira. Bobby jaiotzerako, ordea, gurasoen bizitzarekin soilik edozein gidoilarik ederki zukutuko luke telesail honen lehen denboraldia.

Regina Wender pediatra, erizain eta irakasle suitzarra zuen ama, juduen alaba. Moskun ezkondu zen 1933an, urtebete lehenago Berlinen ezagututako Hans-Gerhardt Fischer fisikari alemaniarrarekin. Azken urteetan, ordea, ez ziren elkarrekin bizi. Senarra Espainiako Gerra Zibilera joan zen borrokara, errepublikarrei laguntzera, eta Parisen elkartu zen azken aldiz emaztearekin eta Joan alabarekin, 1938aren amaieran.

Wender hurrengo urtean iritsi zen AEBetara. Geroago, Denverreko Unibertsitatean ikasle zenean, Paul Nemenyi zientzialari hungariarra eta erbesteratu judua ezagutu zuen 1942an, haurdun geratu zen, eta hurrengo urtean erditu zen Bobby Fischerrez. Nemenyiren eta bien harremana, ordea, ez zen mamitu, besteak beste salaketa baten ostean FBI gainean izan zutelako komunistak zirelakoan eta lehergailuak egiteko materiala zutelakoan. Ihes egin behar izan zuten eta banandu egin ziren, eta Wender bakarrik erditu zen, Chicagon, ama ezkongabeentzako eta behartsuentzako ospitale batean. Bobbyren jaiotza agirian senarraren izena jarri zuen aitaren lekuan: Hans-Gerhardt Fischer. Semea adopzioan ematea pentsatu zuen hasieran, baina gizarte langile batek iritziz aldarazi zion. Azkenean, aitarik gabeko familientzako etxe batean hartu zuten ostatu. Wenderrek gorabeherak izan zituen bertan, etxea kudeatzen zuen erakundearen arauen aurka egin zuelako.

Senarrarengandik 1945ean banandu zen, eta ofizialki dibortzioa lortuta, bi urteko Bobby semearen eta zortzi urteko alabaren ardura osoa bere gain hartu zuen. 1949ean New Yorkera joan ziren bizitzera, Brooklyngo apartamentu apal batera. Urte hartan, hainbat jolas zituen mahai-jokoa erosi zuen auzoko denda batean alabak, eta anaiari oparitu zion. Orduan ikasi zuen xakean Bobby Fischerrek, arrebarekin. Sei urte zituen.

Paul Nemenyi bihotzekoak jota hil zen 1952an. Poliziak FBIren esku utzi zituen haren etxean aurkitutako gutunak, eta haien bidez dakigu hilero garai hartako 20 dolar bidaltzen zizkiola Regina Wenderri, semearen mantenurako. Hans-Gerhardt Fischer, berriz, 1940an Txilera heldu zen, eta han bizi izan zen, argi fluoreszenteak saltzen. Argazkilari bezala ere aritu zen lanean. FBIren arabera, espia sobietarra zen garai hartan. Berlinen hil zen, 1993an.


Bigarren denboraldia

Xakea asko gustatu zitzaion Bobby Fischerri, sei urterekin ezagutu eta jokatzen ikasi zuenetik. Hilabeteek aurrera egin ahala, gero eta gehiago kateatu zuen jokoak, eta xakean aritzea besterik ez zuen nahi izaten. Bakarrik, gainera. Obsesioa bihurtu zitzaion, eta amak zenbait psikiatra eta psikologorengana eraman zuen. Tartean, baita xakea Ediporen eta Elektraren konplexuekin lotu zuen Reuben Fine xake jokalari eta psikologo amerikarrarengana ere. Haurrak oso ondo jokatzen zuela, zerbaitekin obsesionatzeko kontu askoz okerragoak bazeudela eta ez kezkatzeko esan zioten amari, eta harrezkero xakearen inguruan hasi zen bueltaka Bobby Fischerren bizitza eta mundua.

Zazpi urterekin Max Pavey maisuaren aurka aritu zen haren erakustaldi batean, galdu egin zuen, eta gehiago ikasteko eta xakean hobeto jokatzeko gogoz lehenik Brooklyngo Xake Taldean eta ondoren Manhattango Xake Elkartean eman zuen izena. 1956an AEBetako junior mailako txapelketa irabazi zuen, 13 urterekin. Gero eta hobeto jokatzen zuen, eta 14 urterekin Maisu Handia titulua eskuratu zuen, ordura arte adin horretan inork lortu gabeko marka ezarriz. AEBetako hedabideak eta xake jokalari handiak Fischerren gaitasunarekin liluratuta zeuden. Baita ama ere, eta elkarteetara eta txapelketetara laguntzen zion. Bobby, ordea, lotsatu eta haserretu egiten zen amarekin.


[Bobby Fischer, 1956an, 13 urterekin].


[Fischer, 1957an. 14 zituen, eta Maisu Handia zen ordurako].

Seme zaila ez ezik, ikasle baldarra ere izan zen. Eskolara joatea denbora galtzea iruditzen zitzaion, xakean ikasteko eta hobetzeko behar zituen orduak lapurtzen zizkiolakoan hezkuntza arautuak. Aspertu egiten zen ikasgelan, eta 16 urterekin eskola uztea erabaki zuen. Xakea, xakea eta xakea. Ez zuen besterik. Erabateko obsesioa bihurtu zitzaion, eta horren harira zeharo haserretu zen amarekin, amak alde egiteraino. Arreba eta biak geratu ziren Brooklyngo apartamentuan.

Urteek aurrera egin ahala, gailurrera heldu zen Bobby. Zortzi aldiz izan zen AEBetako txapelduna, eta lau aldiz hartu zuen parte Olinpiar Xake Jokoetan, AEBen ordezkari modura. Horietan, nazioarteko maisu handien aurka aritu zen Alemanian, Bulgarian eta Kuban, eta munduko txapeldunak ziren sobietarrekin zaildu zen, behin eta berriro. Errusiera ere ikasi zuen sobietarren ekimenez argitaratzen ziren liburuak eta oinarri teorikoak lehen eskutik ezagutzeko, ulertzeko eta ikasteko. Bost hizkuntza zekizkien. Nazioarteko hainbat txapelketa irabazi zituen 1960ko hamarkadan, Bobby Fischer Teaches Chess (1966) liburua plazaratu zuen, eta azkenik izarra kondaira bihurtu zen 1972an, Hautagaien Txapelketan arerioak birrindu eta Spasskiren aurka munduko txapelketara heldu zenean.


[Fischer, 1972an, Munduko Txapelketa irabazi ondorengo asteetan egindako argazki sesioetako batean].

Irabazi egin zuen Islandiako hiriburuan jokatu zen eta hiru hilabete luzatu zen neurketa hura. Eromena izan zen munduarentzat, baina antolatzaileak, aurkaria, ikusleak, kazetariak eta inguruko guztiak ere erotu zituen, bere gutizia, eskaera, beldur, paranoia eta gainerakoekin. 29 urte zituen.

Mendebaldeak eta AEBek sortutako aparretan egon ondoren, ordea, heroia desagertu egin zen. Aitzakia baten atzetik bestea asmatu zuen txapela ez defendatzeko, bai… baina ez, eta FIDEk, azkenean, 1975ean Anatoli Karpov izendatu zuen munduko txapeldun, Fischerrek tituluari eusteko lehiari behin eta berriro uko egin ostean.

Hirugarren denboraldia

Lurra laua zen Bobby Fischerrentzat. Xake taula bihurtu zen bere mundua. 64 lauki zituen bizitzak, eta ez zuen asmatu beste inon lur hartzen.

Adituen arabera, paranoikoa izan behar da xake jokalari ona izateko, aurkariak egin dezakeen guztia aurreikustea eta hari aurre hartzea baita garaipenaren giltza. Horretan onena zen Fischer. Xake taularen zuri-beltzetan dena aurreikusteko gaitasuna garatu zuen. Baina ez zuen lortu xakea eta bizitza bereiztea, eta dena bihurtu zitzaion benetako paranoia, eromenaren mugetaraino. Espioiak, sektak, armada, bateko eta besteko gobernuak, elektrouhinak, infrasoinuak, juduak, illuminatiak, konspirazio ilunak eta abar luzea. Balizko errotak ikusten zituen edonon, mugarik eta etenik gabe, eta batzuen eta besteen aurkako salaketak eta marmarrak amaigabeak izan ziren.

Oso berezia zen Fischer. Ez zuen gustukoa jendartea, eta larritu egiten zen hamar lagun baino gehiagoko multzoetan. Nahiago zuen bakarrik egon. Isiltasunean. Xake taularen babesean. Argazkietatik urruntzen eta kazetarietatik ezkutatzen hasi zen, eta azkenean desagertu egin zen, erabat, heroia lagun izoztua bihurtzeraino.

Gaur egun, mediku psikiatrek Asperger sindromearen zantzuekin lotu dute Fischerren bizitzaren garai hura, arlo zehatz batekin zeharo obsesionatu eta harreman sozialak izateko arazoak eragiten dituen autismoaren aldaerarekin.

1981ean atxilotu zuten, Kaliforniako Pasadena hirian, poliziaren arabera banku lapur batekin nahastu zutelakoan. Fischerrek, ordea, guztia bere aurka asmatutako muntaia izan zela salatu zuen, eta egun haien ingurukoak argitaratu zituen I was tortured in the Pasadena Jailhouse! (1982) liburuan.

Munduko txapelketa lortu ondoren, ez zuen jokatu nahi izan partida ofizial bakar bat ere. Dena eza, dena gabezia eta dena mingarria izan zen haren inguruan, eta lagunak eta federazioak ahalegindu ziren arren, ez zuten lortu Fischer lehiara itzultzea.

Hogei urte geroago Jezdimir Vasiljevic serbiarrak mahai gainean bost milioi dolar jarri zituen arte. Islandian jokatutako munduko txapelketaren 20. urteurrenean, Spasski eta Fischer berriro xake taularen inguruan eseri zituen Jugoslavia ohian, elkarren aurka, hamar partida irabazten zituenarentzat 3,35 milioi dolarreko saria iragarrita. Galtzen zuenarentzat, berriz, 1,65 milioi dolarrekoa. Fischerrek irabazi zuen.


[Fischer eta Spasski, 1992an, Belgradon antolatutako norgehiagokan].

Baina 1992a zen. Kroaziak eta Eslobeniak independentzia aldarrikatu ostean, Jugoslavia ohia gerra betean zegoen, eta gerra krimenak leporatuta Jugoslaviaren aurkako enbargoak zituzten ezarrita Nazio Batuen Erakundeak eta AEBek. Baita enbargo komertziala ere. Beraz, AEBek debekatu egin zioten Fischerri dirua jasotzea. Irabazlea, ordea, prentsaurrean agertu zen, debekua erakutsiz eta paper haiei ttu eginez. Dirua jaso zuenean gaizkileen zerrendan sartu zuten AEBek, Fischer bilatzeko eta atxilotzeko agindua ematearekin batera.

Ihes egin zuen, eta harrezkero ezkutuan bizi behar izan zuen. Hamabi urte geroago atxilotu zuten, 2004ko uztailean, Tokioko Narita aireportuan Z7792702 zenbakidun pasaportea erakutsi zuenean.

Laugarren denboraldia

Ihesaldian, zenbait urtez Hungarian bizi izan zen, Budapesten, Klara Altberger eta Laszlo Polgarren etxean. Polgartarrak ezagunak ziren, hiru alabek xakean egindako bideagatik. Judit Polgar, esaterako, Nazioarteko Maisu Handia zen ordurako. Etxean ehunka partida jokatu zituen Fischerrek hiru ahizpekin. Giroa, ordea, gaiztotu egin zen, polgartarrak juduak zirelako eta Fischer askotan aritzen zelako madarikazioka juduen aurka. Gainera, Klara haserretu egin zitzaion, mandoeulia bezala hasi zenean Susan Polgar alabaren inguruan, eta azkenean beste nonbaitera alde egin behar izan zuen Fischerrek.

Ordurako harreman oso estua zuen Miyoko Watai japoniarrarekin. Tokion ezagutu zuten elkar 1973an, eta urte askoan nola edo hala eutsi zioten harremanari. Watai lau aldiz izan da Japoniako xake txapelduna, eta 1997az geroztik Nazioarteko Maisu Handia da. Fischer Budapesten bizi izan zen urteetan pare bat aldiz bidaiatu zuen bertara, elkarrekin egoteko. Azkenean, Fischerrek Hungaria utzi eta 2000. urtean elkarrekin bizitzen jarri ziren, Tokion.

AEBetako zerbitzu sekretuek Fischerren arrastoari segi zioten, baina ez zuten estutu. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean Filipinetako Radio Bombo irratian esan zituenak esan arte: pozik agertu zen, benetan albiste zoragarriak zirela esanez, eta AEBen eta Israelen aurka hitz egin zuen, behingoz munduan barrena urte askoan ereindakoaren uzta jaso zutela adieraziz, batez ere arabiarren eta palestinarren aurkako sarraskiak gogoratuz. Hura ez zioten barkatu, eta japoniarrei Fischerren burua eskatzen hasi ziren. 2003an, George H.W. Bush presidenteak berak sinatu zuen Fischer “delitu larriagatik” atxilotzeko agindua, hamar urteko kartzela zigorra betetzeko.


[Fischer, 2005eko martxoan, Japonian aske geratu eta pasaporte berriarekin Islandiara itzuli aurretik].

Tokion atxilotu zuten 2004an, aireportuan, eta zenbait hilabetez eduki zuten giltzapean. Bitartean, lagunek eta xake jokalariek RJF komitea sortu zuten, eta bere aldeko kanpaina abiarazi zuten nazioartean: Robert James Fischer, Rights, Justice, Freedom. Spasskik ere lagundu zuen. 2005eko udaberriaren lehen egunean Islandiako parlamentuak herritartasun eskaera onartu eta pasaporte islandiarra eman zion, eta pasaporte berriarekin Bobby Fischer Islandiara itzuli zen, libre.


[Fischer, 2005ean, Reikiavik-en. Islandiara heldu ostean eskaini zuen lehen elkarrizketan].

Miyoko Watairekin heldu zen Reikiavik hiriburura, eta elkarrekin bizi izan ziren, emaztea tarteka Japoniara itzultzen zen arren. Islandian, jogurtaren antzekoa den skyr esnekira, Bókin liburu dendara, eta Sigur Ros taldearen musikara zaletu zen Fischer. 2008ko urtarrilaren 17an hil zen, giltzurrunetako gaitz batek erasan, ebakuntzarik egin nahi ez, eta osasuna galduta. Miyokok eta lau lagunek lurperatu zuten, Islandia hegoaldeko Selfoss herrian, kostaldean. 64 urte zituen. Xake taularen laukiak adina.

Bibliografia hautatua:
· Addison, Bill: Who was Fischer’s father? chess.com, 2018-02-05.
· Brady, Frank: Endgame: Bobby Fischer’s Remarkable Rise and Fall—From America’s Brightest Prodigy to the Edge of Madness. Broadway Books, 2011.
· Edmonds, D. & Eidinow, John: Bobby Fischer Goes to War. How A Lone American Star Defeated the Soviet Chess Machine. Harper Collins, 2004.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[38] Gerra Hotza xake taulara

5 02 2021

XX. mendearen bigarren erdialdea zeharo baldintzatu zuen Gerra Hotzak, eta xakera ere heldu zen mundua bi bloketan zatitu zuen garai haren oihartzuna. Areago, xakea bera bihurtu zen bi aldeen arteko dema politikoaren jokaleku nagusienetakoa.

Bigarren Mundu Gerra amaitu orduko piztu zen Gerra Hotza, 1945ean, eta herrialde gehienak alde batean edo bestean lerratu ziren, bakoitzaren interesen eta mundua ulertzeko ideien arabera. Tentsioa eta liskarra ez ziren politikoak soilik izan, eta lehia arlo ekonomikora, militarrera, sozialera eta komunikatibora ere iritsi zen. Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna izan ziren bi blokeen orube garrantzitsuenak. Mendebaldea eta Ekialdea. Kapitalismoa eta komunismoa. Eskuina eta ezkerra. Urdinak eta gorriak.

Sobietar Batasunak Europan zuen eragina apaldu nahian, Mendebaldeko Europako zenbait estatuk Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO) sortu zuten 1949an, AEBen laguntzarekin. Aliantza militarra zen, baina arlo politikoan eta ekonomikoan ere elkarri laguntzeko asmoarekin abiarazi zuten. NATOri aurre eginez, Sobietar Batasunak Adiskidetasun, Lankidetza eta Elkarrekiko Laguntza Ituna sustatu zuen, eta Ekialdeko Europako herrialde sozialistek Varsovian sinatu zuten 1955ean, Txina behatzaile zela.

Tentsioa handia zen, eta lehertzeko zorian egon zen behin baino gehiagotan, beti ere gerra nuklearraren mamuak eta beldurrak inguratuta. Berlingo Blokeoa (1948), Koreako Gerra (1950-1955) eta AEBek Kuban sobietarren misilak aurkitu izana (1962) izan ziren krisi garrantzitsuenetakoak, baina urte askoan beste hamaika gorabehera ere izan zen bi blokeen artean. Baita espioitza kontuak eta desleialtasun edo traizio salaketak ere.

Giro hartan, norgehiagoka teknologiara, zientziara eta kulturara ere hedatu zen, azkarrenak, onenak eta garatuenak nor ziren erakusteko lehian. Gerra Hotza izan baitzen, baina baita psikologikoa ere. Indartsuenak izateaz gain, listoenak zirela ere erakutsi beharra zegoen. Horrek, gero eta etxe gehiagotara iristen ari zen telebista hedatzearekin batera, batez ere bi esparrutara bideratu zuen arreta: espaziora iristeko lasterketara eta munduko xake txapelketara.

Lehenengoan, satelite artifizialen bidez espazioa aztertzea, bertara lehen gizakia bidaltzea eta ilargira iristea ziren helmugak, eta Sputnik 1 (Sobietar Batasuna, 1957) satelitea, Juri Gagarin (Sobietar Batasuna, 1961) astronauta eta Apolo 11 (AEB, 1969) misioa izan ziren lasterketa horretan aurrenak.

Xakeari dagokionez, estatubatuarrek urte askoan lehen aldiz 1972an ikusi zuten sobietarrei itzala egiteko aukera, eta lau haizetara zabaldu zituzten Bobby Fischerrek eta Boris Spasskik jokatu zuten munduko txapelketaren ingurukoak, orduko hartan garaipena eskura zutela sinetsita.

Emakumeen artean ezinezkoa zen sobietarrak mendean hartzea. Ordura arte, Vera Mentxik (1927-1941), Ludmilla Rudenko (1950-1953), Elizabeta Bikova (1953-1956, 1958-1962), Olga Rubtsova (1956-1958) eta Nona Gaprindaxvili (1962-1978) izan ziren munduko txapeldunak, eta ez zegoen haiei txapela kentzeko modurik.

Gizonezkoen artean, berriz, 24 urte zeramatzan munduko txapelak sobietarren eskuetan: Mikhail Botvinnik (1948-1957, 1958-1960, 1961-1963), Vasili Smyslov (1957-1958), Mikhail Tal (1960-1961), Tigran Petrosian (1963-1969) eta Boris Spasski (1969-1972).

XIX. mendearen amaieran munduko lehen xake txapelketa arautu zenetik, txapeldunak erabakitzen zuen non, nola eta nori emango zion txapela kentzeko aukera. Ondorioz, hautagaiek diru asko eta babesleak behar zituzten erronka onartzeko, eta askotan ez zen erraza izan adostasunera heltzea. Egoera arautu nahian, FIDEk 1948an Hautagaien Txapelketa abiarazi zuen. Lehenago, hautagaiak zonaldeka aritzen ziren maisu handien aurka, eta irabazleen artean jokatzen zuten gero Hautagaien Txapelketa. Zonaldeka maisuei irabazi ondoren, 1971n Bobby Fischer estatubatuarrak egundoko erakustaldia eman zuen Hautagaien Txapelketan, final laurdenetan eta final erdietan aurkarien aurkako hamabi partidak irabazita. Finalean, Tigran Petrosian estratega handia ere mendean hartu zuen, eta ate handitik heldu zen munduko txapelketaren finalera. Boris Spasski izango zuen aurrean.

Gerra Hotza hasi zenetik, estatubatuarrek xakean munduko onenak zirela erakusteko aukera zuten lehen aldiz, eta finalera bideratu zuten garai hartako hedabideen arreta, sobietarrak mendean hartzeko esperantzarekin. 1972ko uda zen, eta Islandian bi gizon eseriko ziren xake taularen aurrean. Bobby Fischer eta Boris Spasski. Baina mundua ere islatuko zen partida haietan. AEBak eta Sobietar Batasuna. Mendebaldea eta Ekialdea. Kapitalismoa eta komunismoa. Gerra Hotza. Beraz, The Match of the Century deitu zioten neurketa hari. Ez da harritzekoa, XX. mendean oihartzun handienetakoa izan zuen lehia izan baitzen bi xake jokalariren arteko hura. Mundua begira zuten.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[37] Partida bizidunak eta hilezkorrak

27 01 2021

Mendeek aurrera egin arren, emakumeen izenean erabakiak hartzeko ohitura gurpil zoroa izan da gizonen artean. Horri zor zaio, esaterako, gaur egun munduan antzezten den xake partida ospetsuena: Marostica herriko xake biziduna.

Veneto eskualdean dago Marostica, Italian. Gereziek, Erdi Aroko gazteluak eta harresiak postaletako herria bihurtu dute, baina xakea da bertara bisitari gehien erakartzen dituen ikuskizuna, 1454az geroztik.




[Italiako Marostica herrian xake partida biziduna antzezten dute, bi urtean behin].

Sasoi hartan Taddeo Parisio zen gazteluaren jabea eta Mastoricako Jauna, eta haren Leonor alabarekin ezkondu nahi zuten Rinaldo D’Angarano eta Vieri da Vallonara nobleek. Hil arte borroka egitea erabaki zuten, senarra nor izango zen erabakitzeko. Parisiok, ordea, ez zuen nahi inor hiltzea alabarengatik, eta norekin ezkonduko zen erabakitzeko xake partida antolatu zuen bi nobleen artean. Irabazlea Leonorrekin ezkonduko zen, eta galtzailea Oldradarekin, Leonorren ahizpa gaztearekin.

Xake partida ikuskizun bihurtzea eta irudi handiekin eta bizidunekin jokatzea erabaki zuten, eta lehiakideen senideak eta ezkongaiak ez ezik, Veneziako Errepublikako noble ugari eta Marosticako herritar gehienak bildu ziren herriko plazan. Zaldunekin, arkulariekin, banderekin, argiekin, suarekin, musikarekin eta dantzariekin osatu zuten ikuskizuna. Leonorrek gustukoa omen zuen bi nobleetako bat, eta hark irabazi zuen partida.

Hura gogoratu eta ikuskizunaren edertasuna errepikatu nahian, bi urtean behin xake partida antzeztea erabaki zuten Marostican. Gaur eguneraino heldu da ohitura, eta munduko xake bizidunik ezagunena bihurtu da. Urte bikoitietan milaka lagun elkartzen dira herriko plazan, xakea ikuskizun bihurtuta historiako partida ederrenak ezagutzeko. Izan ere, 1923az geroztik xake partida hautatuak antzezten dituzte.

Adolf Anderssen alemaniarrak eta Lionel Kieseritzky estoniarrak Londresen 1851ko ekainaren 21en jokatu zuten Partida Hilezkorra izan zen lehenengoa. Partida hura Londresko nazioarteko txapelketaren atsedenaldi batean jokatu zuten, lagunartean, garai hartan munduko jokalari onenetakoak zirenek. Anderssenek irabazi zuen eta, haren xakearekin liluratuta, Kieseritzkyk Parisko xake elkarteko lagunei helarazi zizkien jokaldiak, telegrafoz. Hurrengo hilean, La Régence aldizkariak argitaratu zuen partida (hemen partida haren nondik norakoak).

Mastoricara Errusiatik heldu zen ideia, boltxebikeak 1921ean hasi baitziren xakea sustatzeko partida bizidunak antzezten: Smolensk (1921), Kerch (1922), Omsk (1923), Leningrado (1924) eta Moskun (1924) izan ziren lehenengoak. Urtero, milaka lagun biltzen ziren ikuskizunerako hautatutako plazetan, jokalari onenek telefonoz edo bertatik bertara adierazitako mugimenduak nola antzezten zituzten ikusteko.


[Leningrado, 1924ko uztailaren 20a. 8.000 lagun elkartu ziren Dvortsovaya plazan, xake biziduna ikusteko].

Egia esan, ohitura zaharra zen. Ezagutzen den lehen xake biziduna Granadan antolatu zuten, 1408an, Muhammad VI. sultanaren gortean, eta hurrengo mendeetan erregeek eta nobleek ere antolatu zituzten antzekoak, batez ere garaipenen ospakizun modura. El Escorial (1571), Karlsbad (1682) eta Praga (1895) bihurtu ziren partida edo ikuskizun ezagunenen xake taulak. Antzeko erakustaldiak errotzen joan ziren, eta XX. mendeak aurrera egin ahala, sobietarren eta italiarren eraginez, gero eta ohikoagoak bihurtu ziren partida bizidunak. Capablanca eta Steiner, esaterako, elkarren aurka aritu ziren 1933an, Los Angelesen, ondoan haien mugimenduak antzezten zituzten dantzariak eta aktoreak zituztela. Steinerrek sortutako Hollywood xake taldearen egoitzan izan zen. Steinerren gidaritzapean, xake talde hark antolatu zituen 1945eko Joko Panamerikarrak ere, xakea eta glamourra uztartuz, zinemako izarrak izan baitziren xake taulako damak, erregeak eta gainerako irudiak. Besteak beste, Marlene Dietrich eta Humphrey Bogart aktoreek ere parte hartu zuten partida haietan.


[Capablanca eta Steiner elkarren aurka aritu ziren 1933an Los Angelesen, Hollywoodeko aktoreek eta dantzariek beraien mugimenduak antzezten zituzten bitartean].

Handik urte batzuetara Euskal Herrira ere heldu ziren xake partida bizidunak. Gasteizen Partida Hilezkorra antzeztu zuten 1960an, Andra Maria Zuriaren jaietan, Arabako Xake Federazioak antolatuta eta udalak babestuta. Berrikuntza izan zen urte hartakoa, eta galaz jantzi zuten hiria ekitaldirako. Xake taula handia jarri zuten Plaza Berriaren erdian, eta antzezleak orgetan eraman zituzten hiriko kaleetan barrena, Erdi Aroko jantziekin mozorrotuta, ikuskizuna alde zahar osora zabalduz. Milaka ikusle izan zituen partidak, eta albisteak, erregimenaren propaganda eta dokumentalak uztartzen zituen frankismoaren No-Do albistegiak ere eman zuen ekitaldiaren berri.


[‘Ajedrez viviente. Fiestas de la Virgen Blanca. Vitoria, 1960’. No-Do, 919B zenbakia, 1960-08-15. Filmoteca RTVE.
Ikusteko, egin klik irudiaren gainean, edo hemen bertan].




[1961. Heraclio Fournierrek argitaratutako egutegia, Gasteizko xake biziduna oroituz].



No-Doa amaitu zen, baina frankismoak bezala Anderssen eta Kieseritzkyren arteko Partida Hilezkorrak taupaka jarraitu zuen batean eta bestean. Baita zineman ere. Blade Runner filmean (Ridley Scott, 1982), esaterako, xakeak pisu handia du, eta zuzendariak Partida Hilezkorra erreplikatu zuen J.F. Sebastian bioingeniariaren eta Nexus-6 androideak sortu zituen Eldon Tyrellen arteko partida erakusteko. Gainera, Roy Batty erreplikanteak, matxinatutako androideen buruak, jokaldi batekin eragiten du, eta horrek Tyrell sortzailearengana heltzeko balio dio. Erreplikak eta erreplikanteak film berean, xake taularen bueltan. Eta xakea, beste behin ere, aita hiltzeko metafora gisa. Blade Runner.

 

Zientzia-fikziozko distopietatik urrun, azken urteotan ere Partida Hilezkorra hainbat ekitalditan erabili dute, partida bizidunak antzezteko. Besteak beste, 2010eko Xake Olinpiar Jokoetan, Errusiako Khanty-Mansiysk hirian, Maurice Ravel ziburutarraren Bolero ezagunaren doinupean.

Beste hainbat lekutan ere dagoeneko ohikoak dira xake partida bizidunak, antzezlan eta ikuskizun modura. Borodino (Errusia), Crevacuore (Italia), Hornachos (Espainia), Ströbeck (Alemania) edota Xabia (Herrialde Katalanak) herrietakoak, besteak beste. Azken urteotan, Santutxuko Zuri Baltza xake elkarteak ere antolatu izan ditu erakustaldiak eta partida bizidunak Bilboko jaietan, Bilboko Konpartsekin elkarlanean.


[Xabiako xake biziduna 1996az geroztik antolatu ohi dute].




[Santutxuko Zuri Baltza xake elkarteak Bilboko jaietan ere antolatu ohi du xake biziduna, Bilboko Konpartsen laguntzarekin].

Erreferentziak:
· Ajedrez viviente. No-Do, 919B zenbakia, 1960-08-15. Filmoteca RTVE.
· Eguia, Sergio: La Plaza de España, en jaque, in El Correo, 2012-07-03.
· Ibasque, Juan: El ajedrez viviente medieval de Vitoria en 1960, in Historia de Vitoria-Gasteiz.
· Pascual, Pau: Viaje al ajedrez. Libro de Notas, 2012.
· The history of Human Chess Game (marosticascacchi.it).
· Immortal game (wikipedia).

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula